Zuzendaria eta gidoigilea
Alice Rohrwacher Fiesolen jaio zen, eta Turinen nahiz Lisboan ikasi zuen. Zinemara erakarrita sentitu aurretik, antzerkirako musika idatzi eta interpretatu zuen. Ondoren, dokumentalen muntatzaile gisa hasi zen lanean. 2011n zuzendu zuen bere lehen film luzea, Corpo celeste, Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian aurkeztu zena, eta gero Sundance jaialdian nahiz New York, Londres, Rio de Janeiro eta Tokioko beste hainbat jaialditan ere proiektatu zena.
Bere bigarren filma, Le meraviglie (El país de las maravillas), Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta 2014an Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen. Hirugarren filmak, Lazzaro felice, Canneseko Sail Ofizialean ere lehiatu zen, eta 2018an gidoi onenaren saria eskuratu zuen.
Aldi berean, 2015ean De Djess film laburra zuzendu zuen, Miu Miuren Women’s Tales bildumaren barruan. 2016an, Giuseppe Verdiren La Traviata opera zuzendu zuen Reggio Emiliako Teatro Vallin antzokian. 2020an, Elena Ferranteren eleberrietan oinarritutako Rai-HBOren L’amica geniale telesailaren hirugarren eta laugarren atalak zuzendu zituen.
2021ean, Pietro Marcello eta Francesco Muzirekin batera zuzendutako Futura dokumentala aurkeztu zuen Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian. Azkenik, 2023an, film labur onenaren Oscar sarirako izendapena jaso zuen Le Pupille lanagatik.
La chimera (2023), Futura (2021), Lazzaro feliz (2018), El país de las maravillas (2014), Corpo celeste (2011).