Jasangarritasuna

Kultura jasangarriago baten alde.

Zinemakumeak gara!-k Erronka Garbia ziurtagiria jaso du, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-jarduketarako sozietate publiko den IHOBEk emana.

Emakumeek Zuzendutako Zinema Erakusketak bere ingurumen-inpaktua murrizteko neurriak aplikatzeko konpromisoa hartu du hainbat arlotan: mugikortasuna, energia-kontsumoa, uraren erabilera, erosketak, azpiegiturak eta hondakinen kudeaketa. Horrez gain, herritarrei zuzendutako jasangarritasunaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina bat ere garatzen du.

Zinemakumeak gara! ekimenak, ekimen honetara atxikitzean, honako konpromiso hauek hartu ditu:

  • Ekitaldiari lotutako aire-kutsadura zuzena zein zeharkakoa murriztea (CO₂, NOx, O₃, PM10 eta PM2.5).
  • Hondakinen sorrera gutxitzea, erosketa arduratsuak eginez eta produktu birziklagarriak, birziklatuak, berrerabilgarriak eta kilometro zero (Km 0) irizpideak betetzen dituztenak lehenetsiz.
  • Ekitaldirako elementu osagarriak erosteko beharra murriztea, plangintzan zein espazioen antolaketan material birziklatu eta berrerabiliak erabiliz.
  • Publikoaren artean kultura jasangarriaren aldeko konpromisoa sustatzea, sentsibilizazio-kanpainen eta eredugarriak diren ekintzen bidez; besteak beste, ekitaldira joateko garraio publikoaren erabilera bultzatuz.

Nazio Batuen Ingurumen Programaren (NBIP) arabera, ekitaldi jasangarri bat ingurunean izan ditzakeen eragin negatiboak ahalik eta gehien murriztuz diseinatu, antolatu eta garatzen dena da, eta, aldi berean, antolatzaileentzat zein parte-hartzaileentzat ondare positiboa uzten duena.

Ekitalu horiek beren plangintzan eta garapenean ingurumen-neurriak txerta ditzaten bermatzeko, IHOBEk Erronka Garbia sortu du. Metodologia horren helburua da ekitaldien antolakuntzari lotutako ingurumen-inpaktu negatiboak murrizten laguntzea.