Ibilbidea
Zinema, eztabaida eta feminismoaren historia bat.
Zinemakumeak gara! 1996an sortu zen Bilbon, emakumeek zuzendutako zinemaren lehen Erakusketa gisa, feminismoaren gorakadaren testuinguruan eta Estatuan sortzen hasi ziren antzeko beste erakusketa batzuen bidetik. Erakusketaren jatorria zinemaren bidez eztabaida, hausnarketa eta balio-aldaketa sustatzeko nahian dago. Ia hiru hamarkada geroago, hasierako bultzada hari eusten diogu: emakumeek zuzendutako zinemari ikusgarritasuna ematea eta hura kolektiboki pentsatzeko eta partekatzeko espazioak sortzea.
Jatorriak: Simone de Beauvoir Talde Feminista
Erakusketaren sustraiak Simone de Beauvoir Talde Feministan daude. Taldea 1980ko hamarkadaren erdialdean sortu zen, eztabaidarako eta hausnarketa teoriko feministarako kolektibo gisa. 1986an, Leioako II. Jardunaldi Feministak zirela eta, taldearen sortzaileek "Maitasunaz eta beste kimera batzuez" izeneko txostena aurkeztu zuten; hura izan zen zinemarekin izango zuten harremanaren abiapuntua.
1987tik aurrera, eta hainbat urtez, taldeak zinema-zikloak antolatu zituen maitasun erromantikoaren mitoak aztertu eta eztabaidatzeko. Maitasunari buruzko lehen asteek (1987, 1988 eta 1989) eta, geroago, Etika eta Feminismoari buruzko Zinema Asteak (1992), filmen proiekzioak eta adituek gidatutako eztabaidak uztartzen zituzten. Topaketa horietan parte hartu zuten, besteak beste, Amelia Valcárcel, Celia Amorós, Victoria Sau, Alicia Miyares eta Cristina Almeida bezalako ahotsek.
1996: Zinemakumeak gara! jaio zen
Ziklo haiek izandako harrera onak bultzatuta, eta emakumeek zuzendutako zinemak areto komertzialetan zuen presentzia urriaz eta desorekatuaz jabetuta, 1996an taldeko kideek urrats bat harago egitea erabaki zuten eta Bilbon emakumeek zuzendutako zinemaren lehen Erakusketa antolatu zuten: Zinemakumeak gara!
Proposamena argia zen: kalitate handikoak izan arren banaketa-zirkuitu komertzialetan lekurik aurkitzen ez zuten emakumeek egindako ikus-entzunezko lanak Bilboko kultur panoramara ekartzea.
Ibilbide anitza eta konprometitua
1996az geroztik, Erakusketak helburu argia izan du: emakumeek zuzendutako zinema ikusgarri egitea eta haren inguruan hausnarketa teorikoa sustatzea, genero, estetika eta gai askotariko —eta batzuetan eztabaidagarrietako— lanen hautaketaren bidez. Lekua izan dute proposamen guztiek, porno feministatik hasi eta beldurrezko zinemaraino.
Ikuspegi-aniztasun hori hitzaldi, topaketa eta jardueren bidez ere garatzen da, balio-aldaketa, emakumeen ahalduntzea eta kanon zinematografikoaren berrirakurketa sustatzeko. Edizio bakoitza Simone de Beauvoir Saria emanez amaitzen da. Sari horren bidez, Erakusketak hainbat zuzendari, gidoilari, ekoizle, muntatzaile eta kritikariren ibilbidea aitortu du; besteak beste, Icíar Bollaín, Begoña Vicario, Margarita Alexandre, Aizpea Goenaga, Maite Ruiz de Austri, Ángeles González-Sinde, Nùria Vidal, Isa Campo, Patricia Ferreira, Puy Oria, Julia Juaniz, Lola Salvador, Cecilia Bartolomé, Helena Taberna, Sílvia Munt, Gracia Querejeta, Alauda Ruiz de Azúa eta María Ripoll.
Erakusketatik harago
Zinemakumeak gara!ren lana ez da Erakusketa amaitzen denean eteten. Urte osoan zehar erakunde publikoekin, jaialdiekin, unibertsitateekin, ikastetxeekin, GGKEekin eta kultura-elkarteekin elkarlanean aritzen gara zikloak, proiekzioak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatzen.
2011 eta 2024 artean, Zinemakumeak gara!k XPREST! AUX zinema express jaialdia ere antolatu zuen. Emakumeek zuzendutako film labur expressen lehiaketa hori ikus-entzunezko sorkuntzan emakumeen parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzeko sortu zen.
Sariak eta aitorpenak
Bere ibilbidean zehar, Erakusketak hainbat aitortza jaso ditu egindako lanagatik:
- 2008 — HEGOAK Elkartasun Saria, egindako lanaren eta lankidetzaren aitortza gisa.
- 2012 — Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren Aipamen Berezia, emakumeek egindako zinemari ikusgarritasuna emateagatik.
- 2018 — Zirgari Sariak: Ahalduntze eta Balio Aldaketaren Saria.
- 2019 — Bihotz Sariak: Bihotz Kultura saria, Bilbao Historiko Elkarteak emana.