Aizpea Goenaga
Zuzendaria, aktorea eta gidoigilea
Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) Irakasletzan diplomatua da. Antzerki-ikasketak egin zituen Cristina Rota eta Dina Rotarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Antzerki Eskolan (Antzerti) diplomatu zen. Halaber, interpretazio eta dramaturgia ikastaroak egin zituen New Yorken, H.B. Studio, Ernie Martin Studio eta New School Universityn.
Arte eszenikoetan nahiz ikus-entzunezkoen alorrean ibilbide oparoa egin du. Idazlea, itzultzailea, gidoilaria, zuzendaria eta aktorea da.
Irratian eta prentsa idatzian ohiko kolaboratzailea ere bada. Aktore gisa zineman, antzerkian eta telebistan jardun du. Telebistarako, 2004 eta 2006 artean, ETBko Goenkale telesaila zuzendu zuen. 2005ean Zeru horiek telefilma zuzendu zuen, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritua. Zuzendari gisa, 2009an Sukalde kontuak film luzea zuzendu zuen. Gidoilari eta moldatzaile gisa, urte berean, Patxi Barcok zuzendutako Dragoi ehiztari film luzerako euskarazko elkarrizketak idatzi zituen.
Haur eta helduentzako antzerki-egile gisa hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Serantes Antzerki Saria (2003), Café Bilbao Saria (2004) eta BBK-Euskaltzaindia Saria (2005). Antzerkirako moldaketak eta itzulpenak ere egin ditu. 2009tik 2016ra bitartean, Etxepare Euskal Institutua-ko zuzendaria izan zen.
Filmografia
Sukalde kontuak (2009).