Armeniar zinema
Bilborock · larunbata, 24 urria.
Ekitaldiari buruz
Armeniar zinemagile askorentzat, zinema memoria gordetzeko, kontakizun ofiziala zalantzan jartzeko eta historian sarritan isilarazitako ahotsei lekua emateko tresna izan da. Fikzioaren, dokumentalaren eta ikus-entzunezko saiakeraren bidez, film hauek identitatea, erbestea, gerra, erresistentzia eta eguneroko bizitza bezalako gaiak jorratzen dituzte, begirada pertsonal eta konprometitu batetik.
Orsola Casagrande kazetari eta ikertzaileak komisariatutako saio honek gaur egungo armeniar zinemaren ahots berezienetako batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen du, emakume zinemagileen lana eta zinemak memoria, salaketa eta itxaropenerako espazio gisa duen ahalmena ardatz hartuta.
Hamarkadetan luzatutako gatazkek eta, bereziki, azken urteotan Nagorno-Karabakheko armeniar biztanleek bizi izan dituzten gertakariek markatutako testuinguruan, film hauek indarkeriaren ondorioei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte, baita sorkuntza artistikoak erresistentziarako eta etorkizuna eraikitzeko duen indarrari buruz ere.
Gure pantailetan gutxitan ikus daitekeen zinematografia bat ezagutzeko aukera paregabea, Kaukasoko errealitatea sakon ezagutzen duen Europako ahots garrantzitsuenetako baten eskutik.