Cookieak erabiltzen ditugu zure esperientzia hobetzeko.
Kontsultatu gure cookie politika.

2010

Aurkezpena

Urteak igaro dira eta Emakumeek Zuzendutako Zinemaren Bilboko Erakustaldiaren 15. edizioan gaude jada.

Erakustaldi berri honekin, urtero-urtero Bilboko publikoari erakusten diogun eskaintza hobetzeko eta handitzeko aukera emango diguten aldaketa batzuk jarriko ditugu abian.

Lehen aldaketa Erakustaldia egiteko erabiliko den lekuari buruzkoa da. Guretzat oso pozgarria da BBK espazio estreinatu berria erabili ahal izatea. Oso pozik gaude pelikulak hain leku enblematikoan eskaini ahal izateko; izan ere, lehen, bertan egon zen Gran Vía zinema, eta, beraz, konnotazio zinefilo handiak dituen lekua da.

Beste alde batetik, erabaki dugu gure ibilbide zinematografikoaren hasierako urteetan ematen genuen saria berreskuratuko dugula. Hain zuzen ere, errealizazioarekin erlazionatutako emakumeei ematen genien sari hura. Horretarako, berriz ere, Dora Salazar eskultoreak eskultura bat egin digu, eta hori izango da emango dugun saria.

Aurten, Erakustaldia zinemaren historiarekin lotzeko eta errealizazio zinematografikoan aitzindariak izan ziren emakumezko zuzendari haiek gogoan izango dituen hari eroale bat finkatzeko asmoz, erabaki dugu saria Margarita Aleixandreri emango diogula, gure herrialdean zinema egin zuen lehendabiziko emakumeetako bat izan zen eta.

Era berean, umeei zuzendutako film bat ere sartu dugu. Aspalditik ari ginen pentsatzen umeentzako zinemaren biderik ohikoenetatik irtengo zen pelikularen bat proiektatu beharra zegoela. Horretarako, Europako emakumezko errealizadoreen produkzio interesgarrien artean arakatu dugu.

Aldaketa horiek gorabehera, ezin dugu ahaztu zer arlok osatzen duten gure programazioa, eta, aurten ere, arlo horiek presente daude: kalitatearen bilaketa, programazio komertzialetara heltzen ez diren errealizazioen hedapena, zinematografiarik exotikoenak erakusten dituzten jatorri ugariak, eta, beti bezala, emakumeek munduari buruz dituzten ikuspegi desberdinak hurbiltzeko nahia.

Era berean, jakinarazi nahi dizuegu lankidetzan jarraitzen dugula gure autonomia erkidegoan egiten diren beste proposamen zinematografiko batzuekin, eta ekimen horietan dugun partaidetza handitzen jarraitzen dugula: azaroan, eta ZINEBIrekin lankidetzan, omenaldia egingo diogu Delfine Seyrig aktore, feminista eta errealizadoreari, bere heriotzaren hogeigarren urteurrenean. Horretarako, berak zuzendarikide gisa egindako hiru dokumental proiektatuko ditugu, bai eta Jacqueline Veuvek Delfineri buruz egindako dokumentala ere. Nicole Fernándezek aurkeztuko du material hori guztia; Nicole Fernández Parisko Simone de Beauvoir Ikus-entzunezkoen Zentroaren zuzendaria izan zen urte luzez.

Urtarrilean, proposamen hau Gasteizko Montehermoso Zentrora eramango da.

Azkenik, esan beharra dago honek ez zuela inongo zentzurik izango, zinema maite duten pertsona guztien laguntzarik gabe; izan ere, urtero-urtero, tartetxo bat egiten dute euren agendan, gure deiari erantzuteko. Eskerrik asko etortzeagatik.

Egitaraua

Osteguna, urriak 14 — BBK aretoa (Kale nagusia 19-21), 20:30

Inaugurazio ekitaldia
Hitzaldia: «Margarita Aleixandre, aitzindaria».
Hizlaria: Giulia Colaizzi.

Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate katedraduna da Valentziako Unibertsitateko Komunikazio Zientzien eta Hizkuntzen Teoria sailean. Valentziako Unibertsitateko Emakumearen Azterketa Institutu Unibertsitarioko eta Feminismos Bildumaren Aholku Kontseiluko kidea da. Ikerketa eta irakaskuntza egonaldiak egin ditu hainbat herrialdetan, besteak beste, Estatu Batuetan, Argentinan, Kuban, Mexikon, Brasilen eta Alemanian. Diskurtsoaren teoria, teoria feminista, semiotika, zinea eta irudia ditu interes-gune. Bere argitalpenetako batzuk hauek dira: Feminismo y Teoría del discurso (1990, ed.), The Cyborguesque. Subjectivity in the Electronic Age (1995), La construción del imaginario socio-sexual (1998), Incontri di culture. La semiotica tra frontiere e traduzioni (2000, ed.), Genero y representación. Postestructuralismo y crisis de la modernidad (2006), La pasión del significante. Teoría de género y cultura visual (2007), Soggetto femminile, scrittura, identità (2009).

Omenaldia eta «Simone de Beauvoir» saria ematea Margarita Aleixandreri
Sariaren egilea: Dora Salazar.

Margarita Aleixandrek (Leon, 1923) aita frantziarra eta ama puertorricoarra zituen, eta Eusebio Fernández Ardavínen «Tierra y cielo» (1940) filmean egin zuen debuta aktore gisa. Berrogeiko hamarkadan erregulartasunez egin zuen lan zineman.

Berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, albo batera utzi zuen interpretazio karrera, Rafael Torrecilla (Madril, 1927) senar eta produktorearekin batera hiru pelikula zuzentzeko.

«Cristo» (1953) dokumentalaren ostean, zeinetan Kristoren bizitza kontatzen zuten pintura espainiarraren bitartez (filmak oso harrera ona izan zuen, interes nazionalekotzat hartu zen eta Francok harrera egin zien El Pardo jauregian), bikoteak, Italiarekin koprodukzioan, «La ciudad perdida» (1954) egin zuen. Mercedes Formicaren eleberri batean oinarritutako film poliziakoa zen, eta arazo larriak izan zituen Francoren zentsurarekin.

Azkenik, «La gata» (1955) filmatu zuten. Hori izan zen euren pelikularik ezagunena eta onena, landa giroko drama bat. Pelikula horren bitartez, zuzendariak Cinemascope sistema sartu zuen Espainian.

50eko hamarkadaren amaieran, bikotea Kubara joan zen, eta, bertan zirela, Margarita Aleixandre Zinemaren Institutuan sartu zen. Han, pertsona ospetsu batzuen lagun egin zen: Tomás Gutiérrez Alea, Guillermo Cabrera Infante… Era berean, produktore bihurtu zen. Gainera, produkzio eskolak ere eman zituen Institutuan.

Irakaskuntzara eta pelikulen produkziora emandako hamaika urteren ostean, Kubako egoera politikoa jasangaitza egin zitzaion, eta Europara bueltatu zen.

Produktore gisa, zazpi pelikulatan egin zuen lan: «Las doce sillas» (1962), «Cumbite» (1964) eta «La muerte de un burócrata» (1966), denak Titónenak (Tomás Gutiérrez Alea). Era berean, «Crónica cubana» (1963), Ugo Uliverena; «Preludio 11» (1963), Kurt Maetzigena; «El encuentro» (1964), Manuel Octavio Gómezena; eta «El robo» (1965), Jorge Fragarena. Gainera, Antonio Vázquez Galloren «La vida comienza ahora» (1959) pelikularen gidoilarietako bat izan zen; iraultzaren garaipenaren ostean, hori izan zen Kuban filmatu eta estreinatu zen lehenengo pelikula kubatarra.

Italian zegoela, Gillo Pontecorvoren «Operación ogro» (1979) lanean kolaboratu, aholkuak eman eta muntaian parte hartu zuen. Hain zuzen ere, film hori Carrero Blancoren hilketari buruzkoa da.

Gaur egun, Margarita Aleixandre Madrilen bizi da.

Astelehena, urriak 18 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €

No se aceptan propinas (film laburra)
Antonia Amengual · Espainia, 2009 · 23'
Lau aktibistak gizarte eraldaketari buruz duten ikuspegia azalduko dute, eta euren borroka eta ametsak ere kontatuko dituzte, Mary Lowek 1937an idatzitako «Bartzelonako liburu gorria» liburuaren irakurketatik abiatuta.

Eva y Lola
Sabrina Farji · Argentina, 2010 · 87' · JBG · Gidoia: Victoria Grigera Dupuy, Sabrina Farji · Aktoreak: Celeste Cid, Emme, Victoria Carreras, Juan Minujin, Claudia Lapacó, Alejandro Awada, Willy Lemos, Jorge D'Elia
Eva & Lola filmak, gaurkotasun osoz eta modu argi eta esperantzagarrian, oso gai unibertsalei buruz egiten du berba: memoriari eta identitateari buruz, hain zuzen ere. Filmean, maitasuna eta zoriontasuna bilatzen ari diren bi neskaren gorabeherak kontatzen dira.

Sabrina Farji Buenos Airesen jaio zen. Antzerki Zuzendaritzako titulua eskuratu zuen Arte Dramatikoko Udal Eskolan. Diziplina ugari jorratu dituen artista da, eta irakaslea ere bai. 1992tik, urte hartan estreinatu baitzuen bere lehen bideoa, ikus-entzunezkoaren arlo guztietan aritu izan da. Zinegile, gidoilari eta zine-produktore gisa egin izan du lan. Une honetan, bere laugarren filma prestatzen ari da, «El otro hombre» izenburukoa.

Filmografia: 2010 «Eva y Lola»; 2007 «Cuando ella saltó»; 2003 «Cielo azul, cielo negro»; 1995 «De niño» (film laburra); 1994 «Como un cuerpo ausente» (film laburra); 1994 «Video de otoño» (film laburra); 1993 «Lo Bueno y lo Bello» (film laburra); 1993 «Las cuatro estaciones de un año» (film laburra); 1992 «Algunas mujeres» (film laburra); 1991 «Nin» (film laburra); 1990 «Estúpida mas no zonza» (film laburra).

Asteartea, urriak 19 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €

FAS zine-klubarekin lankidetzan.

5 recuerdos (film laburra)
Oriana Alcaine, Alejandra Márquez · Espainia, 2009 · 12' · Aktoreak: Ireri Solís, Olivia Rossetti, Katia Acevedo, Yanni Torres, Patricio Solís, Javier Giménez
Irma merkatu bateko pasilloetatik dabil, osagaien zerrenda bere baitarako errepikatzen duen bitartean. Ondo gogoratzen ditu lehenengo laurak, baina bosgarrenak behin eta berriro egiten dio ihes. Irmak bidaia luzea egin beharko du bere memoriaren barruraino, galdutako oroitzapen horren bila.

Rage
Sally Potter · Erresuma Batua, 2009 · 99' · JBGA · Gidoia: Sally Potter · Aktoreak: Judi Dench, Jude Law, Dianne Wiest, Steve Buscemi, Eddie Izzard, Lily Cole, John Leguizamo, Bob Balaban, Riz Ahmed, Simon Abkarian, Jakob Cedergren, Adriana Barraza, Patrick J. Adams, David Oyelowo
Zazpi egun, hamalau pertsonaia, ikasle bat eta bere web orria. Istripu bat, hilketa bat, eta krisia New Yorkeko modaren industrian. Amets apurtuak, gatazka latzak, aitorpen sekretuak: globalizazioak informazioaren aroan dituen ondorioei buruzko tragikomedia.

Sally Potter (Londres, 1949). Eszenan «Thriller» film laburrarekin agertu ostean (1979an), emakumeentzako bide berriak ireki zituen zineman, «The Gold Diggers» bere lehenengo film luzearekin. Izan ere, pelikula hori emakumez osatutako talde batek egin zuen. Virginia Woolfen «Orlando» (1982) klasiko «moldaezinaren» gainean egin zuen moldaketak ere pozarren utzi zituen kritikariak zein publikoa. Hollywoodeko eskaintza ugari izan zituen arren, Potterrek fidel jokatu zuen bere sustrai indiekiko. Bertsotan eginda dagoen «Yes» (2005) pelikula zein bere azken produktua, «Rage» izenekoa, oso azkar eta oso diru gutxirekin egin zituen.

Filmografia: 2009 «Rage»; 2005 «Yes»; 2001 «Vidas furtivas»; 1998 «Lección de tango»; 1992 «Orlando»; 1983 «The gold diggers».

Sariak: 2009, Berlingo Nazioarteko Zine Jaialdia — Urrezko Hartza eskuratzeko izendatua.

Asteazkena, urriak 20 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €

Pijamas (film laburra)
Elena Trapé · Espainia, 2009 · 14' · Aktoreak: Sara Catalán, Carlota Bantulà, Lluïsa Mallol, Albert Pérez, Àurea Márquez, Maria Teresa Ortega
Marta zortzi urteko neskatoa da, eta, gau batean, bere familia krisian sartuko da, poliziak etxera deitzen dienean eta esaten dienean amona kaletik alderrai dabilela. Ospitalean, helduak elkarri zarataka ari diren bitartean, amonak, memoria galdu duenez, askoz ere garrantzitsuagoa den zerbait berreskuratzen du bere ilobaren begietara.

Knitting
Yin Lichuan · Txina, 2008 · 90' · JBGA · Gidoia: Yin Lichuan, Amei · Aktoreak: Zhang Yi, Lu Yulai, Yan Bingyan
Baserritik hirira emigratu zuten bi gazte oso lagun egin dira, bakardadeari aurre egin ahal izateko. Baina beste pertsona bat agertuko da euren bizitzetan, eta dena aldatuko da.

Yin Lichuan (1973). 1996an, Mendebaldeko Hizkuntza eta Literaturetan graduatu zen, Pekingo Unibertsitatean. Dokumentaletan espezializatu da, Frantziako ESEC Zinema Akademian. Idazlea, poeta eta zuzendaria da. Eleberriak, poesia eta saiakerak idazten hasi zen, eta, 2007an, zinema zuzentzeari ekin zion.

Filmografia: 2008 «Knitting»; 2007 «The park».

Sariak: 2008, Qingdaoko (Txina) Zine Jaialdia — Urrezko Fenixa emakumezko aktorerik onenari (Yan Bingyan), Emakumezko aktore berririk onenaren saria (Lu Yulai); 2009, Epaimahaiaren Sari Nagusia Creteilko Jaialdian.

Osteguna, urriak 21 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €

Hospital de muñecas (film laburra)
Claudia Flores · Espainia, 2009 · 13' · Aktoreak: Anna Kremer Ayuso, Itziar Castro, Carles Arquimbau, Carme Contreras, Marc Santeugini Riva, Lluís Torra Benach, Sol Diéguez Colominas
Anya, 6 urteko neskatoa, Errusiako hiri bateko auzo baztertu batean bizi da. Anyak deskubritu du bera ez dela zikoinak Paristik ekarritakoa, eta berriz jaio nahi du, hain zuzen ere Parisen.

Chega de saudade
Laís Bodanzky · Brasil, 2007 · 95' · JBGA · Gidoia: Luiz Bolognesi · Aktoreak: Paulo Vilhena, Elza Soarez, Tônia Carrero, Leonardo Villar, Conceição Senna, Maria Flor, Marku Ribas, Betty Faria, Cássia Kiss, Stepan Narcessian
Dantza-areto batean filmatutako pelikula honek horrelako lekuetako giro kargatua eta atmosfera berezia deskribatzen du. Bertan, jendea dantzara irteteko zain egoten da, eta, bien bitartean, iragana gogoratzen dute, etorkizuna imajinatzen dute, flirtean aritzen dira eta dantza egiten dute.

Lais Bodanzky (Sao Paulo, 1969) «Cartão vermelho» (1994) film laburraren bitartez hasi zen zinema egiten. 1996tik aurrera, Luiz Bolognesi senarrarekin batera, Cine Mambembe proiektua lantzeari ekin zion. Horren bitartez, film brasildarrak proiektatzen dituzte han-hemenka, zinemara joaterik ez duten pertsonentzat. 1999an, Luíz Bolognesirekin batera zuzendari gisa arituz, «Cine Mambembe. O Cinema descobre o Brasil» dokumentala filmatu zuen, eta sari ugari lortu zituen. Bere lehenengo filmak, «Bicho de siete cabezas» (2001) izenekoak, Brasiliako Jaialdiko bederatzi sari nagusiak eskuratu zituen, eta sari kopuru bera lortu zuen Recifeko Zine Jaialdian. Sari ugari jaso zituen ere ondorengo jaialdietan: Cretéil (Frantzia), Cartagena (Kolonbia), Festival du Cinéma Bresilien de Paris, Marseillako Zinema Hegoamerikarra, Genoako (Suitza) Cinéma Tout Écran, Zine Brasildarraren Jaialdia Israelen eta Brasiliako Jaialdian.

Filmografia: 2010 «Las mejores cosas del mundo»; 2007 «Chega de Saudade»; 2001 «Bicho de siete cabezas»; 1999 «Cine Mambembe - O Cinema Descobre o Brasil» (dokumentala); 1994 «Cartão Vermelho» (film laburra).

Ostirala, urriak 22 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €

Un hombre de verdad (film laburra)
Andrea Gautier · Espainia, 2009 · 5' · Aktoreak: Jacobo Jr, Enrique Castro
Óscar 8 urteko mutikoa da. Gau batean, bere aitak sekretu handi bat kontatzen dio: egiaz, superheroia da... Apurka-apurka, heroiengandik zirraragarria iruditzen zaion guztia garrantzia galtzen hasten da. Egun batean, erabakiko du sekula ez dela superheroia izango, ezpada benetako gizona.

Jaffa
Keren Yedaya · Frantzia, Israel, Alemania, 2009 · 110' · JBGA · Gidoia: Keren Yedaya, Illa Ben Porat · Aktoreak: Dana Ivgy, Moni Moshonov, Ronit Elkabetz, Mahmud Shalaby, Hussein Yassin Mahajne
Jaffa hiria ez dago Tel Avivetik lar urrun. Palestinarrek «Itsasoaren emaztegaia» deitzen diote hiri horri. Maliren aita garaje baten jabea da. Bertan egiten dute lan Mali alabak, Meir semeak, eta Hassan eta haren seme Toufikek, azken bi horiek palestinarrak. Itxura batean, nagusi judutarren eta langile arabiarren arteko harremanak onak dira. Mali eta Toufik elkarrekin dabiltza duela zenbait urtetatik, baina, euren familiek izango duten jarreraren beldurrez, ezkutuan dabiltza. Ezustean, Mali haurdun geratzean, zerbait egin behar dutela erabakitzen dute.

Keren Yedaya Estatu Batuetan jaio zen 1972an, baina, familiarekin batera, Israelera joan zen bizitzera, hiru urte zituenean. Emakumeen eskubideen aldeko aktibista ezaguna da, eta Israelek Zisjordanian daukan presentzia militarraren aurka dago. Bere pelikulek argi islatzen dute aktibismo politiko hori.

Filmografia: 2008 «Jaffa»; 2004 «Or, mon trésor»; 2001 «Lulu»; 2001 «Les Dessous»; 1994 «Elinor» (film laburra).

Ostirala, urriak 22 — BBK aretoa, 10:00

Euskarazko proiekzioa, eskola-umeentzat. 6-9 urte.

Larunbata, urriak 23 — BBK aretoa, 12:00 · 2 €

Umeentzako proiekzioa gaztelaniaz. 6-9 urte. Umeak doan.

Igelak eta apoak (umeentzako film luzea)
Simone van Dusseldorp · Holanda, 2008 · 75' · JB · Gidoia: Simone van Dusseldorp · Aktoreak: Nino den Brave, Whitney Franker, Georgina Verbaan, Juul Vrijdag, Remko Vrijdag, Quintis Ristie
Maxek gaua igaro behar du amonaren etxean, Jannus anaia nagusiari amigdalak kendu behar dizkiote eta. Jannusek Maxi eskatu dio igel-arrautzak eramateko ospitalera, zeren, bestela, ez dio gehiago berbarik egingo. Max naturan zeharreko bidaia batean murgilduko da, igel-arrautzak aurkitu ahal izateko.

Tilburgen jaio zen, 1967an. Gerrit Rietveld Akademian ikasi zuen (ikus-entzunezko ikasketak), Amsterdamen. Zenbait lan egin izan ditu telebistarako, baina pantaila handia da erakargarrien egiten zaiona, bai film laburretarako zein luzeetarako.

Filmografia: 2009 «Igelak eta apoak»; 2006 «Subiet!»; 2005 «Koest»; 2005 «Diep»; 2000 «Het»; 1994 «Waterlanders».

Sariak: 2009, Ume eta Gazteentzako Nazioarteko Zinema Jaialdia — Fikziozko film luzerik onena, Divercine; 2009, Nueva Mirada Nazioarteko Zinema Jaialdia — Epaimahaiaren Saria, Umeentzako Filmen Aipamen Berezia eta «Ama Natura» Sari Berezia.

Larunbata, urriak 23 — BBK aretoa, 16:00 · Sarrera bakarra egun osorako: 6 €

Film laburrak, emakumeen eskutik (Trama)

La pelota de futbol
Laura González · Espainia, 2009 · 10' · Aktoreak: Brandon Lastra, Aamin Mohamed Elkomir, Andrea Parada, Cecilia Voter
Jatorri latinoko mutiko batek, mutiko marokoar batek eta neskato espainiar batek batera jokatu nahi dute futbolean, baina gurasoek ez diete uzten elkarrekin egoten.

Lo siento, te quiero
Leticia Dolera · Espainia, 2009 · 9' · Aktoreak: Antonio Barroso, Manuela Vellés
Maitasunezko eta zientzia fikziozko istorio honetan, Toniren bizitza kontatzen da. Mutil berezia ote da? Normala ote da? Edozelan ere, Tonik, egun batean, ez zuen fidel jokatu bere bihotzarekin, gainerakoek berarengandik espero zutenari dagokionez. Une hartatik aurrera, zerbait usteldu zen bere barruan. Orain, gauzak aldatzeko aukera dauka.

Luciérnaga
Carlota Coronado · Espainia, 2009 · 5' · Aktoreak: Adriana Rubiano, Secun de la Rosa
Kezkatuta dagoela dirudien neska batek hiria zeharkatzen du, behin eta berriro hitz bera errepikatzen duen bitartean: ipurtargia, ipurtargia, ipurtargia… Heldu beharreko lekura heltzen denean, bere kezkaren arrazoia deskubrituko dugu.

Mañana
Estibaliz Burgaleta, Alegría Collante · Espainia, 2009 · 10' · Aktoreak: Pepa Rus, Frantxa Arraiza, Daniel Pérez Prada
Gimnasioan apuntatzea, erretzeari uztea, ingelesa ikastea, dieta egiten hastea, parapentea egitea, ohe azpia erratzarekin garbitzea, neska-lagunari esatea utzi egingo duzula... hobe da den-dena biharko uztea.

9
Peña Flores · Espainia, 2009 · 9' · Aktoreak: Elena Anaya, Fran Boira, Pilar Castro, Pablo Castro, Pablo Cavestany, Aco, Secun de la Rosa, Laia Marull, Aitor Merino, Monica Vancampen
Lagunen arteko topaketa batean, zerbaiten zain dauden bitartean… euretako bat ikasle gisa egon den ikastaro bati buruz hasiko dira hizketan.

Minutuko bideoa (Trama) — «Identidades»
«Minutuko Bideoa» tailerrean parte hartu zuten 20 emakumeek egindako bideo kolektiboaren proiekzioa. Tailer hori Tramak eman zuen Barakaldon, KCD (Kultura Communication y Desarrollo) izeneko GKEak eta Simone de Beauvoir talde feministak antolatua, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Larunbata, urriak 23 — BBK aretoa · Ikusi zenituen?

Les yeux secs — 17:30
Narjiss Nejjar · Maroko, 2003 · 120' · JBGA · Gidoia: Narjiss Nejjar · Aktoreak: Siham Assif, Khalid Benchegra, Raouia, Rafika Belhaj
Andre zahar bat kartzelatik irten da, 25 urte giltzapean egon ostean. Kanpoan, Fadh aurkituko du, autobus-gidari gazte bat. Fadhek bere herrira joateko proposamena egingo dio. Atsoak baietz esango dio, baina ohartarazten dio bere semea balitz bezala jokatu beharko duela, herri horretan emakumeak baino ez dira bizi eta. Euren gorputzak eskaintzen dituzten emakumeen herria da, eta, bertara, ordaintzen duten gizonak baino ezin dira sartu.

Narjiss Nejjar 1971n jaio zen, Tangerren (Maroko). 1994an filmatu zuen bere lehenengo dokumentala, «L'exigence de la dignité», eta, 1996an, «Khaddouj, mémoire de Targha» errodatu zuen. 1998an, sail dokumental baten produktoreetako bat izan zen Marokon: «Les Salines». 2000n, «Terre Sud Films» ekoiztetxea sortu zuen Parisen.

Gainera, gidoilaria da, eta 1999an argitaratutako «Cahiers d'empreintes» eleberriaren egilea ere bada.

Filmografia: 2009 «Terminus des anges»; 2006 «Wake up Morocco»; 2003 «Les yeux secs»; 2001 «Le miroir du fou»; 2001 «Le septiène ciel».

Sariak: 2004, Paris Film Festival — Francophonia Saria; 2003, Namurko Nazioarteko Jaialdia — Gidoirik onenaren saria; 2003, Marrakechko Jaialdia — Gidoirik onenaren saria; 2003, 4. Festival International du Film de Rabat — Epaimahaiaren Sari Nagusia; 2003, Festival National du Film Marocain — Opera primarik onenaren saria; 2003, Valentziako Mostra — Emakumezko aktorerik onenaren saria (Siham Assif), Argazkirik onenaren saria.

En tierra hostil — 19:45
Kathryn Bigelow · Estatu Batuak, 2008 · 125' · JBGA · Gidoia: Mark Boal · Aktoreak: Jeremy Renner, Anthony Mackie, Brian Geraghty, Christian Camargo, David Morse, Guy Pierce, Ralph Fiennes, Evangeline Lily
En tierra hostil filmak bonben desaktibazioan espezializatutako komando baten eguneroko jardun biziak kontatzen ditu. Kontakizuna Irakeko gerran dago kokatuta, eta Thompson sarjentua da komando horren buru. Thompson misio batean hiltzen denean, Unitatea James sarjentuaren esku geratuko da, baina James ausartegia da, eta inoiz ezin da jakin zer egingo duen.

Kathryn Bigelow (Kalifornia, 1951) zine-zuzendaria, gidoilaria eta produktorea da. Columbiako Unibertsitatean ikasi zuen eta margolari gisa hasi zuen bere karrera artistikoa. Ezohiko zuzendaria da; izan ere, gehien interesatzen zaizkion gaiak ekintzako zinemaren barruan kokatu daitezke: gerrako gaiak, gai futuristak, thrillerrak eta beldurrezko pelikulak egin izan ditu.

Filmografia: 2009 «En tierra hostil»; 2002 «K-19»; 2000 «El peso del agua»; 1995 «Días extraños»; 1991 «Point Break (Le llaman Bodhi)»; 1990 «Acero azul»; 1987 «Near dark (Los Viajeros de la Noche)»; 1983 «The Loveless».

Sariak: 2009, 6 Oscar sari, besteak beste, pelikularik onenaren Oscarra eta zuzendaririk onenaren Oscarra; 2009, 6 BAFTA sari, besteak beste, pelikularik onenaren saria eta zuzendaririk onenaren saria; 2009, Estatu Batuetako Zuzendarien Sindikatua — Zuzendaririk onenaren saria.

Siempre hay tiempo — 22:00
Ana Rosa Diego · Espainia, 2009 · 87' · JB · Gidoia: Ana Rosa Diego, Encarnación Iglesias, Teresa Vilardell, Miquel Casamajor, Jesús Ponce · Aktoreak: Txema Blasco, Edu Bulnes, Montserrat Carulla, Sergi Calleja, Maite Sandoval, Fermí Reixach
Héctorren bizitza Euskal Herriko bere herrian amaituko zen, baldin eta egoerak ez balu bultzatu handik ihes egitera eta bere seme bakarraren etxean bizitzen hastera. Aita-semeek oso harreman urruna dute. Baina Héctorrek, zenbait aliaturen laguntzarekin, aldaketa handi horri aurre egingo dio. Bere errainak, Laurak, semearekin berradiskidetzera eramango du.

Ana Rosa Diego (Sevilla, 1969). Bere lanen artean, Héctor y Bruno nabarmendu behar da, huraxe izan baitzen bere lehen lana. Aurretik, zenbait film labur zuzendu izan ditu, eta «Tebraa. Retratos de mujeres saharauis» dokumental kolektiboaren zuzendaritza-lanetan hartu du parte. Script gisa aritu izan da telebistarako egindako zenbait pelikulatan, eta, zinemari dagokionez, produkzio-laguntzailea izan da Benito Zambranoren «Solas» lanean eta Pilar Távoraren «Yerma» filmean.

Filmografia: 2009 «Siempre hay tiempo»; 2004 «Puzzle» (film laburra); 2002 «Mayte y las nubes» (film laburra).

Sariak: 2009, Huelvako Zine Iberoamerikarraren Jaialdia — Ikusleen Saria eta «Askatasunaren giltza» saria.