Emakumezkoen Film Laburren deialdia
Irekita dago Cortos en Femenino lehiaketaren deialdia
TRAMAk, emakumeek egindako zinema, bideo eta multimedia erakustaldien eta jaialdien koordinakundeak, Cortos en Femenino lehiaketaren edizio berri baterako lanak aurkezteko epea ireki du. Lehiaketaren helburua da koordinakundea osatzen duten zinema-erakustaldietan proiektatuko diren film laburrak hautatzea.
Deialdian parte hartu ahal izango dute emakume batek edo gehiagok zuzendutako edo kod zuzendutako film laburrek. Gizon eta emakumeen artean zuzendutako lanak ere onartuko dira. Lanek Espainiako Estatuan ekoitziak eta 2026an edo 2027an eginak izan beharko dute, eta gehienez 25 minutuko iraupena izango dute. Edozein hizkuntzatan filmatu ahal izango dira, baina gaztelaniaz ez dauden edo ulertzeko zailtasunak dituzten lanek gaztelaniazko azpitituluak izan beharko dituzte.
Zuzendari bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu. Hautaketa-prozesuan TRAMA osatzen duten erakustaldiek hartuko dute parte, eta, besteak beste, filmen ikuspegi feminista eta hizkuntza ez-sexistaren erabilera baloratuko dituzte.
Hautatutako film laburrak koordinakundeko erakustaldien programazioetan ikusi ahal izango dira: Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones, Bilboko Emakumeek Egindako Zinemaren Erakustaldia, Huescako Emakumeek Egindako Zinemaren Erakustaldia, Iruñeko Zinema eta Emakumeak Nazioarteko Erakustaldia, Zaragozako Emakumeek Egindako Zinemaren Nazioarteko Erakustaldia eta Valentziako Dona i Cinema Nazioarteko Bienala.
Lanak aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 18ra arte egongo da zabalik. Izen-ematea Internet bidez egin beharko da, Movibeta plataformaren bitartez.
Hautatutako film labur bakoitzak 80 euro jasoko ditu (zergak barne) proiekzio bakoitzeko. Erakustaldi berean bi aldiz proiektatzen bada, ordainsaria 100 eurokoa izango da. Lehiaketako lan irabazleek, gainera, Cortos en Femenino sariaren bereizgarria jasoko dute.
Hautatutako lanen berri otsailaren azken astean eta martxoaren lehenengoan emango da lehiaketaren webgunean eta sare sozialetan.
** Deialdiaren oinarri osoak eta informazio gehiago Cortos en Femenino webgunean kontsulta daitezke.