Cookieak erabiltzen ditugu zure esperientzia hobetzeko.
Kontsultatu gure cookie politika.

2017

Aurkezpena

Edizio hau dela eta, aurten bidea irekiko dugu gure historia luzean ia ezezaguna izan den genero batera, beldurrezko zinemara, eta film labur eta luze, hitzaldi, erakusketa eta mahai-inguruen sorta ederra prestatu dugu. Eta zergatik beldur edo izua? Azken denboraldietan emakume zuzendarien uhin berri baten goraldiaren lekukoak izaten ari gara, eta horiek genero-zinemaren tropoak diskurtso jakin batzuetara eraman dituzte, non bateragarri egiten den zaletuen gozamena ikuspegi berriekin, erabat apurtzen dutelarik gizonezkoen begiradaren praktika. Amatasunaren trauma, gorputza objektu bihurtzea eta, beste muturrean, emakumezkoen sexualitatearen boterea, katalogo tematiko baten parte dira, eta horren ahalmen berritzaileak orain arte mugiezinak ziruditen zenbait arketiporen birdefinizioan eragin du. Jen eta Sylvia Soska, Jennifer Kent, Karyn Kusama, Ana Lily Amirpour eta Anna Biller zinemagileek itxaropenezko horizontea ireki dute feminismoarentzat, eta izu klasikoaren imaginarioa amesgaizto berriz kutsatu dute, eragin dramatiko sakoneko hizkuntzan adieraziak.

Zinemakumeak gara!-ren edizio berri honek inoiz baino errealitate ikusgaiago bati erantzuten dio, emakumezko ikusleak pila bat garelako generoko jaialdietan, non nabaria baita emakumezko kritikari espezializatuen belaunaldi berri baten presentzia, oso beteranoa eta ospe handiko norbait den Pilar Pedraza-ren lekukoa jaso dutelarik.

Zinemagile belaunaldi berri honen ospakizunarekin batera, 4 film luze estreinatuko ditugu, bereziki aipagarriak Most Beautiful Island, Zinemaldiari hasiera emango diona bere zuzendaria den Ana Asensio-ren eskutik, eta bi klasiko garaikide: American Mary, Soska ahizpena, eta Los viajeros de la noche, Kathryn Bigelow-rena; estatuko eta nazioarteko film laburren sorta bat ere izango da, aurretiko urratsa «Simone de Beauvoir» saria emateko: hau aurten Isa Campo zuzendari, ekoizle eta gidoilariarentzat izango da, La próxima piel proiektatuz egingo diogularik gorazarre.

BBK Salako saioen egitaraua osatzeko hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, eta hritikari hauek elkartuko dira bertan: Begoña del Teso, Desirée de Fez eta Violeta Kovacsics —Sitges-eko Zinemaldiaren Edizio-burua—, eta mahaia oso ahots interesgarriekin partekatuko dute, adibidez Itxaso del Castillo-rekin (EHUko Komunikazio-irakaslea eta «El monstruo femenino en el audiovisual de terror» tesiaren egilea) eta sari asko jasoko film laburren egilea den Norma Vila-rekin.

Egitaraua

Urriak 16, astelehena — BBK aretoa, 19:30 · 2 €

Grammy (film laburra)
Jill Gevargizian · AEB, 2015 · 2'
Neska batek, amonaren etxean gaua igaro eta esnatzen denean, deskubrituko du amonatxoren baitan lehen begiratuan ikusten dena baino zerbait gehiago dagoela.

The Stylist (film laburra)
Jill Gevargizian · AEB, 2016 · 15'
Claire ile-apaintzaile bakarti bat da, bere errealitate etsigarritik ihes egiteko desira duena. Eguneko azken bezeroak ezin dotoreago uzteko eskatzen dionean, Clairek beste plan batzuk ditu.

Most Beautiful Island
Ana Asensio · AEB, 2017 · 80'
Jolas arriskutsu baten bidez eta iragan lazgarri batetik ihesi erredentzioaren bila dabilen bitartean, Estatu Batuetan nortasun agiririk gabe bizirik irauteko borrokan diharduen emakume etorkin baten istorio lazgarria.

Ana Asensio, aktore, zuzendari eta gidoilari madrildarra, gaur egun Brooklynen (New York) bizi da. Madrilen zinema eta telebistako aktore gisa hasi zuen bere ibilbidea, besteak beste «Nada es para siempre» eta «Planta 25» telesailetan eta «Todo es posible en el bajo» sitcom-ean parte hartuz. Estatu Batuetan, «The Afterlight», «Zenith» eta Oskarra irabazitako Ethan Spiglan zuzendariaren «The Archive» filmetan aritu da lanean. Antzerki zuzendari eta ekoizle gisa, hainbat lan ditu bere curriculumean, Espainia, Afrika, Estonia, Kuba eta New Yorkeko antzokietan eman direnak. Gidoilari moduan, Paloma Bravoren «La piel de Mica» best seller espainiarra ingelesera egokitu du, eta lan horrekin egokitzapen onenaren saria jaso zuen New Yorkeko United Solo jaialdian. «Most Beautiful Island» bere opera prima txalotua da, South by Southwest jaialdi entzutetsuan film onenaren saria jaso duena.

Oharra: filmaren ostean solasaldia egongo da Ana Asensio zuzendariaren eskutik. Cardigan Bridge abeslariak emanaldi bat eskainiko digu baita ere.

Urriak 17, asteartea — BBK aretoa, 19:30 · 2 €

Hitzaldi solasaldia: «Emakumeak beldurrezko zineman»
Hizlaria: Violeta Kovacsics.

Violeta Kovacsics zinematografiaren teorian, historian eta dokumentazioan doktorea da Pompeu Fabra Unibertsitatean. Irakaslea da ESCACen (Universitat de Barcelona) eta Pompeu Fabra Unibertsitatean. ACCEC Kataluniako zinema kritikari eta idazleen elkarteko presidentea da. Zinema kritikari gisa dihardu La Vanguardia-ko «Cultura/s» gehigarrian, Bartzelonako Time Out-en, Diari de Tarragona-n, Caimán Cuadernos de cine-n eta iCat.cat kanalean. Zenbait liburu kolektibotan parte hartu du, «Very Funny Things. Nueva comedia americana» editatu du eta «Un París de cine. Guía de la ciudad en 55 películas» liburuaren egilea da. Argitalpenen editorea da Sitgesko Festival Internacional de Cinema Fantàstic de Catalunya jaialdian.

Bestealdetik (film laburra)
Mar González Ruiz de Larramendi · Espainia, 2016 · 15'
Gaua aurrera doa lautadan. Iluntasunean harrizko etxe bat nabarmentzen da. Barruan arotz batek kontu handiz lantzen du egurra. Atean emandako kolpe batzuek bere lana etengo dute.

American Mary
Jen Soska, Sylvia Soska · AEB, 2012 · 100'
Diru errazaren erakarmenak ebakuntza kirurgiko klandestinoen mundu ilunera eramango dute Mary medikuntzako ikaslea, baina ebakuntzek marka gehiago utziko dituzte harengan bere bezero bitxiengan baino.

Jen eta Sylvia Soska (North Vancouver, 1983), Soska ahizpak moduan ezagunagoak, Kanadako zuzendari, ekoizle eta gidoilariak dira, grindhouse generoarekiko maitasun adierazpen erabatekoa den «Dead Hooker in a Trunk» (2009) filmarekin beren burua ezagutzera eman zutenak. Beldurrezko zinemarekiko grinak hartaratuta, ibilbide laburra egin zuten aktore gisa, baina laster bertan behera utzi zuten etsita. Etsipen horretatik sortu zen, hain zuzen, autoekoiztu zuten lehen proiektua, maila apaleko lana inondik ere, baina «American Mary»ri (2012) bidea ireki ziona. Ondoren helduko zen «See No Evil» (2014) filmaren sekuela, eta urtebete geroago «Vendetta» (2015). Aldi berean, Women in Horror Month (WiHM) nazioarteko ekimenean parte hartu zuten. Emakumeen lanak ezagutzera ematea du xede ekimenak, behar besteko presentzia ez duten industria batean. LGBTQ komunitatearen eskubideen aldeko ekintzaile ezagunak.

Urriak 18, asteazkena — BBK aretoa, 19:30 · 2 €

Mahai-ingurua: «Emakumea eta munstroa»
Generoari eta generoko rolei buruzko eztabaida honetan, beldur garaikidearen mutazioak lehen ilaratik bizi dituzten hiru ikusle zorionekoren iritziak entzungo ditugu.
Hizlariak: Desirée de Fez, Itxaso del Castillo eta Norma Vila.

Desirée de Fez zinema kritikaria da eta ohiko kolaboratzailea da TCM telebista kanalean eta TVEko «Página Dos» (La 2) programan. Sitgesko Festival Internacional de Cinema Fantàstic de Catalunya jaialdiaren lantaldeko kidea eta Low Cost Zinema independenteko jaialdiko komisarioa, klaseak ere ematen ditu FX Cinema eskolan eta Gironako Museu del Cinema instituzioan. Zenbait libururen egilea da. Hainbat argitalpen kolektibotan ere parte hartu du. Koordinatzaile gisa egin duen lanari dagokionez, nabarmentzekoak dira Sitgesko zinemaldiaren baitako argitalpen hauek: «Neoculto» (Calamar), «Takashi Miike: la provocación que llegó de Oriente» (Calamar) eta «Seven. Los pecados de David Fincher» (Tyrannosaurus).

Itxaso del Castillo kazetaritzan lizentziaduna da UPV/EHUn, film ikasketei buruzko masterra egin du Amsterdameko Unibertsitatean eta sorkuntzako dokumentalari buruzko masterra Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalaren zati handienean telebistako gidoilaria izan da ETBn, eta gaur egun Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle da UPV/EHUn. «Monstruas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror» doktore-tesia idazten ari da orain.

Norma Vila EHZEn (Euskal Herriko Zinema Eskola) diplomaduna, Argazkigintzako Zuzendaritza espezialitatean. «Aires del desierto» dokumentalarekin ekin zion bere zinema ibilbideari. Argazki zuzendaria izan da bi film laburretan: «Remanecer» (Naftalí Vela) eta «The Devil On Your Back» (Haritz Zubillaga), zeinarekin argazki zuzendari onenaren saria irabazi baitzuen Lekeitioko zinemaldian. «Jules D.» film laburra fikziozko zuzendari gisa egin duen lehenengoa da, eta ZINEBIn soinu banda onenaren saria lortu baitzuen; eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, Espainiako film labur onenaren saria eman zioten. 2015ean Demeter Films sortu zuen Haritz Zubillagarekin batera.

Jules D. (film laburra)
Norma Vila · Espainia, 2016 · 14'
Gauez, jainkoak ere abandonatutako haitzulo ilun batean lurrean etzanda dagoela, zabor mendien artean hil-hurren, saguzar txiki batek isilean lepoko odola xurgatzen dion bitartean, Julesek bere bizitza labur osoan izan duen ametsa elikatzen du: banpiro bihurtzea.

Bright Lights (film laburra)
María Zabala · Espainia, 2016 · 11'
Noa neska gaztea itxuraz hotz, lehor eta hutsune emozionalez betea da, iraganeko zenbait gertakariren ondorioz. Sinesteek eta heriotzak bide propioa egin dute, eta ez dira bizi gaur egun bizi diren moduan.

Evolution
Lucile Hadzihalilovic · Frantzia, 2015 · 81'
Emakumeak eta haurrak baino ez dauden uharte urrun batean bizi da Nicolas. Itsasoan gorpu bat aurkitzen duenean, bere bizitzaz eta inguratzen duten pertsonenaz pentsatzen hasten da. Zergatik ari dira bera eta beste mutikoak tratamendu mediko makur horiek jasotzen?

Lucile Hadzihalilovic (Lyon, 1961) Artearen Historia ikasi eta La Fémis zinema eskola prestigiotsuan graduatu zen. 90eko urteen hasieran, Gaspar Noé zinemagile frantziarrarekin lan egiteari ekin zion, «Carne» (1991) film laburra eta haren sekuela «I Stand Alone» (1998) editatuz. Elkarrekin Les Cinémas de la Zone ekoiztetxea sortu zuten 1991n, beren proiektuak kudeatu ahal izateko. Gidoilari gisa, nabarmentzekoa da «Enter the Void» (Gaspar Noé, 2009) lanaren idazketan parte hartu izana, aurrekari moduko bat izan baitzen zuzendari gisa egin dituen lan garrantzitsuenen oinarrian dauden testuak sortzeko: «Innocence» (2004) eta «Evolution» (2015) —Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Zinemaldian—.

Urriak 19, osteguna — BBK aretoa, 19:30 · 2 €

Nire beldur kutunenak
Begoña del Teso kazetari eta zinema kritikariaren eskutik, zale askorentzat Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko ikur alternatiboa den emakume honen beldur kutunenak gainbegiratuko ditugu. Bere bi pertsonaia fetitxerenganako grina izango da solasaldiaren muina: Drakula eta Deabrua.

Begoña del Teso (Donostia, 1955) kazetaria, zinema kritikaria eta banpiroen, motorren, zezenen eta Corto Maltés-en zale amorratua da. Sutsuki maite ditu eskrima, Londres, Berlin, Venezia eta boxeoa. Diario Vasco-ko orrialdeetan ohikoa dugu, eta ehunka elkarrizketa argitaratu ditu bertan. Zenbait liburu ere idatzi ditu; besteak beste, «La caza del elefante en medio urbano» eta «Hiltzen nauzu goxoki».

Madre de Dios (film laburra)
Gigi Saul Guerrero · Kanada, 2015 · 7'
Emakume bat aldare bati lotuta, babesgabe esnatzen da, eta bi belagile zaharrek, gure bizitzan Antikristoa agerraraztea beste helbururik ez dutenak, Heriotza Santuaren haragi eta hezurrezko estatua bihurtzen dute.

La peau sauvage (film laburra)
Ariane Louis-Seize · Kanada, 2016 · 19'
Emakume bakarti baten bizimodu lasaia aztoratu egiten da bere pisuan pitoi kume bat aurkitzen duenean. Presentzia misteriotsu horrek bere desira ezkutukoenak piztuko ditu.

Los viajeros de la noche
Kathryn Bigelow · AEB, 1987 · 94'
Baserritar apal baten semea alderraian dabilen banpiro talde batekin elkartu eta bere biktimen odolez elikatzen da, emakume ezezagun eder baten xarmapean erori ondoren.

Kathryn Bigelow, zuzendari, ekoizle eta gidoilari estatubatuarra. Zuzendari onenaren Oskarra eta Estatu Batuetako zuzendarien sindikatuko zuzendari onenaren saria jaso duen lehenengo emakumea, eta bakarra, izan da, biak ere «The Hurt Locker» filmarengatik. Zinema ikasketak egin zituen Columbiako Unibertsitatean. «The Set-Up» (1978) filmarekin hasi zuen bere ibilbidea, eta, «Los viajeros de la noche» (1987) filmarekin kritikaren errekonozimendua lortu ostean, Bigelowk filmografia distiratsua osatu zuen 90eko urteetan funtsezkoak izan ziren zenbait filmekin, hala nola «Acero azul» (1990), «Le llaman Bodhi» (1991) eta «Días extraños» (1995). Bere azken lana «Detroit» (2017) da.

Urriak 20, ostirala — BBK aretoa, 19:30 · 2 €

Creswick (film laburra)
Natalie Erika James · Australia, 2016 · 10'
Neska gazte batek aitari etxe zaharretik aldaira egiten laguntzen dion bitartean, biek ala biek gero eta garbiago hautematen dute betidanik han zegoela zekiten presentzia bitxia.

Extático (film laburra)
Azahara Gómez · Espainia, 2016 · 8'
Bi basozainek emakume baten hilotza aurkitzen dute basoaren erdian. Heriotza hasiera baino ez da.

The Love Witch
Anna Biller · AEB, 2016 · 120'
Sorgin gazte batek bere edabe eta aztikeriak erabiltzen ditu gizonak berarekin maitemindu daitezen.

Anna Biller ezaguna egin da genero klasikoak kulturaren barruan emakumezkoen rolei buruz jarduteko erabiltzeagatik eta ideia feministak estetika zinematikoaren eta plazer bisualaren baitan kodetzeagatik, bai eta sorkuntza prozesu osoa zorrotz kontrolatzeagatik ere; izan ere, bere lanetan jantzien diseinuan, atrezzoan, eszenaratzean, score-an eta soinu bandetan esku hartzen du. Artean lizentziaduna UCLAn eta Kaliforniako Arteen Institutuan Artea eta Zinema graduondoa egina, zine klasikoaren look-a eta sentsazioak antzeratzea du xede, eta horren erakusgarri da «The Love Witch». Bere opera prima den «Viva» nahiz 16 mm-tan filmatu dituen lan laburrak mundu osoko hainbat jaialdi garrantzitsu eta gune artistikotan eman dira.

Larunbata, urriak 21 — BBK aretoa, 19:00 · Sarrera dohainik eserlekuak bete arte, sarrerak aurretiaz Sala BBKn jaso beharko dira

«Simone de Beauvoir» saria

The Beast (film laburra)
Daina Oniunas-Pusić · Kroazia, 2015 · 20'
Nadak (100 urte) eta haren alaba Verak (75) harreman tirabiratsua dute, baina oso estua. Ume itxura duen Verak mutua, ahula baina batzuetan bihozgabea den bere ama zaintzen du. Egun batean, saguzar bat Nadaren logelan sartzen da eta haren ohe azpian hartzen du babesa. Arian-arian, animaliaren presentziak Nada indarberrituko du.

La próxima piel
Isaki Lacuesta, Isa Campo · Espainia, 2016 · 103'
Desagertuta zegoen nerabe bat itzuli egin da zortzi urteren buruan, denek hildakotzat jotzen zutenean, eta desagerpenak markatutako familiako bizitzari ekiten dio ostera. Pixkanaka zalantza sortuko da, desagertutako haur bat edo iruzurti bat ote den.

Larunbata, urriak 21 — BBK aretoa, 21:00

«Simone de Beauvoir» saria Isa Campo-ri emateko ekitaldia

Isa Campo zuzendari, gidoilari eta ekoizleari «Simone de Beauvoir» saria emateko ekitaldia. Haren aurretik sari hau jasotakoak dira maila handiko hainbat emakume, hala nola Ángeles González-Sinde, Maite Ruiz de Austri, Icíar Bollaín eta Núria Vidal. Ekitaldiaren ondoren Lucía Martínez Odriozola kazetariak sariduna elkarrizketatu eta publikoarekin solasaldi labur bat moderatuko du.

Isa Campo (1975) gidoilaria, zuzendaria, ekoizlea eta zinema-zuzendaritzako irakaslea da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. «La próxima piel», «Los pasos dobles» (Isaki Lacuesta, Urrezko Maskorra 2011ko Donostiako Zinemaldian), «Los condenados» (Isaki Lacuesta, Fipresci saria 2009ko Donostiako Zinemaldian) fikziozko film luzeak idatzi ditu, eta «La noche que no acaba» (Isaki Lacuesta), «El cuaderno de barro» (Isaki Lacuesta, Golden FIPA 2011) eta «Game Over» (Alba Sotorra, Gaudí saria dokumental onenari 2016an) film luze dokumentalak. Hainbat film labur eta bideoinstalazio egin ditu, hala nola «Lugares que no existen», «Goggle Earth 1.0», «Mapell», «Luz Azul», «Mullada Llum» eta «El retablo de las adivinaciones». «La próxima piel» da zuzendari gisa egin duen lehenengo lana. Gaur egun, fikziozko film luze bat idazten ari da Federico Veiroj zuzendari uruguaitarrarentzat.

Igandea, urriak 22 — Bilborock, 18:30 · Sarrera dohainik eserlekuak bete arte

XPREST! AUX Express Zinema Jaialdia

Salvación
Denise Castro · Espainia, 2016 · 80'
Cris, hamahiru urteko neskatoa, ospitalean sartzen da bihotz irekiko ebakuntza egin diezaioten. Han Víctor ezagutuko du, bere adin bereko mutila. Banpiroa dela esaten dio hark, eta bestelako salbazio mota bat proposatzen dio: hilezkortasuna. Crisek beldurraren, medikuen, amaren eta gaixotasunaren aurka borrokatu eta bizi osorako erabaki bat hartu beharko du.

Denise Castro (Bartzelona, 1979) zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea da. «Salvación» filma Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya eskolan irakasten den Zinema Zuzendaritzako masterrean ondutako fruitua da. Filma bizipen pertsonal batean oinarrituta dago. Haurra zelarik, Denisek bihotzeko murmurioa izan zuen, eta, ondorioz, hil edo bizi operatu behar izan zuten. Bizipen gogor hartatik sortu zen bere opera prima egiteko ideia, ESCACek ekoitzi eta 2016an Sitgesen estreinatu zena. «Ni orduan neskato ilun samarra nintzen eta banpiroa izan nahi nuen. Hilezkorra izango nintzen, ez nintzen gaixo egongo, ez ninduten operatu beharko. Odolaren mende baino ez nintzen egongo».

XPREST! AUX Film Laburren Zinemaldiaren VI. Edizioa — Bilborock

2017ko urriaren 22an, XPREST! AUX film laburren jaialdiko 6. ekitaldia egingo da Bilborocken, BBKren, Bilboko Udalaren, Emakunderen, Bilbao Historikoren eta Bizkaiko Aldundiaren babesari esker. Berebiziko ilusioz elikatzen dugun lehiaketa honetan etorkizuneko zinemagileen belaunaldi oso batek parte hartuko du —hori da behintzat gure asmoa—, eta ekitaldian zehar haien lanak erakutsiko ditugu.

Igandea, urriak 22 — Bilborock, 12:00
Oinarriak eta garatu beharreko gaia ematea.

Igandea, urriak 22 — Bilborock, 15:30 - 16:30
XPREST! AUX-erako egindako film laburrak entregatzea.

Igandea, urriak 22 — Bilborock, 20:00
XPREST! AUX-en aurkeztutako film laburren emanaldia.

Igandea, urriak 22 — Bilborock, 21:15
XPREST! AUXen VI. edizioaren amaierako saioa eta sari-ematea.

Izen ematea, inskripzioa eta oinarriak: www.zinemakumeak.com/xprest. Kontaktua: xprest@zinemakumeak.com

Astelehena, urriak 23 — Azkuna Zentroa, Bastida Aretoa, 19:30 · Sarrera dohainik gonbidapenarekin (Infopuntuan jaso) eserlekuak bete arte

«Cortos en Femenino» film laburren emanaldia
Film laburren sorta ederra, Tramak (emakumeek egindako zinema, bideo eta multimediako erakusketa eta jaialdien koordinakundea) aukeratua.

«Einstein-Rosen» · Olga Osorio · Espainia, 2016 · 10'
82ko uda. Teok behin eta berriz dio zizare zulo bat aurkitu duela. Haren anaia Óscarrek ez dio sinesten... oraingoz.

«500 palabras» · Oihane Amenabar · Espainia, 2016 · 9'
Irakasle batek haurtzaroan gertatu zaien gauza esanguratsu bati buruz idazteko eskatzen die bere ikasleei.

«Zarpazo» · Nerea Castro Andreu · Espainia, 2016 · 14'
Mar eta Xara berriz elkartzen dira mendiko paraje bakartu batean. Dena prest dago klandestinitatera jauzi egiteko.

«Elegía» · Alba Tejero · Espainia, 2016 · 15'
Bere bi ikaskide hil egin dira, baina Julia ez da inolako tristeziarik sentitzeko gauza. Dolu giroak eta erresumin sakon batek itota, ondorio larriak izango dituen zerbait idatziko du.

«La invitación» · Susana Casares · Espainia, 2016 · 14'
Egun batean, eskolan, Silviak etxera lo egitera gonbidatu beharko ditu bere ikaskideak ezinbestean.

«Lucrecia» · Eva Marín · Espainia, 2016 · 13'
Lucreciak 50 urte inguruko aktore baten istorioa kontatzen du. Zaila egiten zaio bere ofiziotik bizitzea, jada ez direlako idazten bere adineko emakumeentzako paperak, eta horrek emakume anonimo bihurtzera eramango du, beste edozein bezalakoa, etsi-etsian edozein lan bilatzen duena, oinarrizko gastuak —argia, ura eta janaria— ordaindu ahal izateko.

«Camino de agua para un pez» · Mercedes Marro · Espainia, 2016 · 8'
Gaua da Óscarrek bere leihotik ikusten duenean... arrain txiki bat putzu zikin batean saltoka! Bi katu zelatan ditu itzaletan. Óscarrek arrainari lagunduko dio Latinoamerika gautar batean zeharreko abentura zoroan, ur eskasiaren mehatxua gainean dutela.

«Yerbabuena» · Estefanía Cortés · Espainia, 2016 · 13'
Julia, gazte barnerakoi bat, Maiaren kontsultara joango da, eta betirako lo ziruditen oroitzapenak berragertuko dira.

Beste emanaldi eta hedapena

Haurrentzako zinema: Sala BBK, urriak 17, 11:00. Beldurrezko film laburrak: «Louise Michel» liburudendan, urriak 26, 19:30. Deustuko Unibertsitatea (Soziologia eta Gizarte Langintza Saila), urriak 18, 11:00. Euskal Herriko Unibertsitatea (Arte Ederrak), urriak 19, 11:00.

Hedapena: film labur eta luzeen proiekzioa Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, azaroak 2 eta 3, 19:00.