21. edizioa
2016
Aurkezpena
Zuzendariak, gidoilariak, ekoizleak, antzezleak, emakumezko pertsonaiak... «beren lekuaren bila dabiltzan emakumeak» gaiaren ingurukoa izango da emakumeek zuzenduriko zinema-erakusketaren XXI. edizioa; aurten are indartsuago dator, Nuria Vidal idazle eta zinema-kritikaria omentzeko «Simone de Beauvoir» saria emango zaio eta.
Aniztasuna eta kalitatea dira fikziozko film luzeen eta dokumentalen aukeraketa inspiratu duen goiburua; gainera, izango dira film laburrak, mahai-inguruak eta aurkezpenak ere, horien artean nabarmenduz «Las Sinsombrero»ren zuzendariaren bisita, proiektu hau 27ko Belaunaldiko emakume artista ahaztuen ondarea berreskuratu, zabaldu eta betikotzeko helburuaz sortu zelarik.
Jenny Slate, Pilar Miró, Rokhsareh Ghaem Maghami, July Jung eta Athina Rachel Tsangari dira izen berezietako batzuk, eta beraiekin osatuko ditugu zazpi zinema-egun etengabe; amaiera urriaren 23an izango da «Sonita»ren eta XPREST! AUX film laburren jaialdiko azken emanaldian parte hartu zuten lanen proiekzioarekin.
Ez ahaztu zinema onenarekin duzuen hitzordua. Zinemakumeak gara!-n zuen zain izango gara.
Egitaraua
Urriak 17, astelehena — BBK aretoa, 19:30
Sara a la fuga (film laburra)
Belén Funes · Fikzioa · 18' 23''
Sara adin txikikoentzako harrera-leku batean bizi da. Nerabezaroa hatz artetik doakio, egunen batean aita itzultzea espero duen bitartean.
Obvious Child
Gillian Robespierre · AEB · Fikzioa · 83'
Donna Stern bakarrizketagilearentzat, hogeitaka urteko emakume baten eguneroko bizimoduak material zabala eskaintzen du bere umore-zentzu histeriko eta garrantzitsuarentzat. Baina gau bateko abenturaren ostean, ustekabean Donna haurdun geratzen denean, ezinbestean aurre egin beharko dio lehenengo aldiz emakume independentearen errealitateari.
Sariak: 2014, Gotham: antzezle berri onenerako hautagai izendatua (Jenny Slate); Independent Spirit Awards: 2 izendapen, Antzezle onenarena barne (Slate); National Board of Review: Zuzendaritza berri onena, urteko film independenteak; Critics Choice Awards: Antzezle onena - Komedia (Jenny Slate); Chicagoko Kritikarien Elkartea: Interpretatzaile errebelazio onenerako izendatua (Slate).
Gillian Robespierre (New York, 1978), errealizadorea, gidoilaria, ekoizlea eta antzezlea, Ikus Arteen Eskolan graduatu zen, eta zineman eta bideoan espezializatu zen bertan. Bere ibilbidea ekoizpen-laguntzaile gisa hasi zuen «American Gangster» filmean. Amerikako Zuzendarien Sindikatuarentzat ere lan egin zuen 2014. urtera arte. «Obvious Child» da bere lehen filma errealizadore eta gidoilari gisa. Sundance-en eman zen lehen aldiz 2014an.
Urriak 18, asteartea — BBK aretoa, 20:00
Amigas íntimas (film laburra)
Irene Cardona · Fikzioa · 9' 52''
Carmenek, negozio-bidaia baten ondoren etxera itzultzen denean, Lucia adiskidea aurkituko du bere ezkon-ohean erdi biluzik.
A Girl at My Door / Un monstruo en mi puerta
July Jung · Hego Korea, 2014 · Fikzioa · 114'
Fas zineklubarekin lankidetzan.
Istripu baten ondoren, Young-nam, Seulgo poliziako neska gaztea, kostaldeko herrixka batera bidaliko dute. Iristen den momentutik, oso adierazkorra ez den neska nerabe bat ezagutuko du, intrigatzen duena. Bere ingurune berrian, Young-nam-ek Dohee-ren aitaordea ezagutuko du, gizon bortitz eta alkoholikoa, langile etorkinak esplotatzen dituena. Aitaordearen tratu txarretatik babesteko, Young-nam-ek ostatu emango dio Dohee-ri. Poliziako gazteak orduan ezagutuko ditu Dohee-ren nortasunaren hainbat alderdi...
Sariak: 2014, Cannes-eko jaialdia: Sail ofiziala («Un Certain Regard»).
July Jung (Hego Korea, 1980) Koreako Arteen Unibertsitate Nazionalean ikasi zuen. Zuzendaria eta gidoilaria da. «A Girl at My Door» lehen filmarekin sari asko lortu ditu, bai errealizazioan eta bai gidoian.
Urriak 19, asteazkena — Deustuko Unibertsitatea (Gizarte Lan eta Soziologia Saila), 11:00
«Cortos en femenino» film laburren emanaldia, TRAMAk hautatuak.
Urriak 19, asteazkena — BBK aretoa, 19:30
Café para llevar (film laburra)
Patricia Font · Fikzioa · 13' 06''
Alicia lanpeturik dabil ezkontzako prestalanak azkentzen, eta eramateko kafe bat eskatzera sartu da topaturiko lehen kafetegian. Patuaren halabeharrez, ustekabean Javi-rekin topo egingo du bertan.
Chevalier
Athina Rachel Tsangari · Grezia · Fikzioa · 99'
Egeo itsasoaren erdian, sei gizon doaz arrantza-bidaian, luxuzko yatean, joko batean jarduteko. Joko honetan zenbait gauza alderatuko dira, eta neurtu egingo dira. Abestiak sarraskitu egingo dira, eta odola analizatu. Adiskideak aurkari bihurtuko dira. Baina egunaren amaieran, jokoa bukatzen denean, irabazten duen gizona «gizonik onena» izango da. Eta bere hatz txikian garaipenaren eraztuna eramango du.
Sariak: 2015, Locarnoko zinemaldia: Nazioarteko lehiaketa.
Athina Rachel Tsangari (Atenas, Grezia, 1966) literatura ikasi zuen Salonikako Aristoteles Unibertsitatean, New Yorkeko Unibertsitatean, Tisch School of the Arts-en eta zinema-zuzendaritza Texaseko Unibertsitatean. Zuzendaria, gidoilaria, ekoizlea eta antzezlea da. Zuzendari gisa gorabidean dagoen figura bat da Greziako zinema berrian, nazioarteko zinemaldietan sari ugari lortu dituelarik.
Urriak 20, osteguna — BBK aretoa, 19:30
Roboethics (film laburra)
Rut Angielina G. Fuentes · Fikzioa · 5' 16''
Noiz has zaitezke robot bat gizaki legez tratatzen? Larak eta Sergiok aurkituko dute arriskutsuagoa dela pertsona bat zaindari edo jagole gisa edukitzea kablez eta metalez egindako izaki bat baino, hau erreakzio gizakoiagoak izatera irits daiteke-eta.
Vida y reflejo (film laburra)
Julia García · Fikzioa · 12' 49''
Celia (45) gizon baten gorputzean eta bizitzan harrapaturiko emakumea da. Gezur eta saminezko bizialdi baten ostean, behar adina adore biltzen du hutsetik hasteko eta borroka egiteko. Baina familiako eta gizarteko erantzukizunek gainditu egingo dute eta benetan berea ez den bizitza horretara itzularaziko dute.
Las Sinsombrero (dokumentala)
Serrana Torres, Tània Balló eta Manuel Jiménez Núñez · Espainia, 2015 · 59'
27ko Belaunaldia esanda, Espainiako kulturan eragin handiko literaturagile eta artista oso ezagunen taldea datorkigu burura. Haien ondarea oso ezaguna da, betiere GIZONEZKOEZ ari bagara. Baina zer gertatzen da EMAKUMEZKOEKIN? Ala ez ote zegoen emakumerik haien artean? Bai horixe, nola ez! 27ko Taldearen barruan emakume margolari, olerkari, eleberrigile, irudigile, eskultore eta pentsalarien belaunaldi bat zegoen, sortzaile eta garaile izan zirenak, talentu handikoak, bere garaian estatuan eta nazioartean arrakasta izan zutenak, eta beraien arte eta aktibismoaren bidez 20ko eta 30eko Espainiako gizarte- eta kultura-arauei desafio egin eta aldatu zituztenak.
Hitzaldi solasaldia: «27ko belaunaldiko emakumeak eta beraien ikusezintasuna historian»
Parte-hartzaileak: Serrana Torres (zuzendaria) eta Pilar Pérez Fuentes (EHUko historialaria eta ikertzailea).
Serrana Torres zinema ikasi zuen Stockholms Filmskola-n, Intropia Media-ren sortzaileetako bat. Ikus-entzunezko formatu asko (dokumentalak, fikzioa, publizitatea eta webdoc-ak) landu ditu, zuzendari, gidoilari, muntatzaile eta ekoizle gisa Stockholm, Paris, Tanzania eta Bartzelonan, hemen bizi delarik gaur egun. 2004tik zortzi dokumental egin ditu eta «Las Sinsombrero» crossmedia proiektua zuzendu du Tània Balló eta Manuel Jiménez Núñez-ekin.
Urriak 21, ostirala — BBK aretoa, 19:30
Mahai-ingurua: «Hitz egiten duten neskak, eta ez bakarrik gizonei buruz»
Jóvenes y Blasfemas taldeko Elizabeth Casillasek eta Laura Lazcanok, zenbait filmetako eszenetan oinarrituta, zineman nola islatu den emakumeen arteko adiskidetasuna aztertuko dute.
Hizlariak: Elizabeth Casillas eta Laura Lazcano.
Urriak 21, ostirala — BBK aretoa, 20:00
Una vez (film laburra)
Sonia Madrid eta María Guerra · Fikzioa · 13' 22''
Egun arrunt batean, beste edozein egun bezalako batean, Chila Huertak bere hiru haurrak hartu eta senarrarekin bizi zeneko etxetik alde egin zuen.
No et tiris, encara (film laburra)
Marta Gastón · Fikzioa · 14'
Zubi bat, 18:40ak eta mutil bat bere buruaz beste egiteko zorian. Honela gurutzatuko dira Arnau eta Bertaren bideak. Familia oneko mutila eta auzoko neska bat, baina ez dira ematen duten bezain ezberdinak. Beraien bizitzetan, emozioen «errusiar mendia» bezalako zerbait biziko dute, muturreko une batean.
Urriak 21, ostirala — BBK aretoa, 20:30
Las amigas de Ágata
Laia Alabart, Alba Cros, Laura Rius eta Marta Verheyen · Espainia · Fikzioa · 75'
20 urteko neska talde baten erretratua, Agataren begiradatik egina; neska hau, oharkabean, aldaketa sumatzen hasten da bere haurtzaroko Carla, Ari eta Mar adiskideei buruz duen ikuspegian.
Sariak: 2014, Albaceteko Zinemaldia: Abycine Indie saria. 2015, Bartzelonako Cinema d'Autor jaialdia: Publikoaren saria; Tarragonako Cinema jaialdia: Epaimahai Gaztearen saria, Aipamen berezia.
«Las amigas de Ágata» Laia Alabart, Alba Cros, Laura Rius eta Marta Verheyen zuzendari katalan gazteen zinematografia-debuta da.
Urriak 22, larunbata — BBK aretoa, 19:00 · Sarrera librea jarlekuak bete arte
«Simone de Beauvoir» saria
El perro del hortelano
Pilar Miró · Espainia, 1996 · Fikzioa · 108'
Diana, Belflor-eko kondesa, neska gazte zorrotz, oldartsu eta buruargia da. Bere idazkariaz (Teodoro) maiteminduta dago, baina jakiten du hau konprometituta dagoela Marcela-rekin. Jelosiak eta inbidiak jota, ahal duen guztia egiten du bi maiteminduak banatzeko. Lope de Vegaren lanaren zinematografia-egokitzapena da, bertsozko testua errespetatzen duena.
Sariak: 1996, 7 Goya sari, film, zuzendaritza eta emakume antzezle onenari (Suárez) emanak barne, 12 izendapenetatik; Mar del Platako zinemaldia: Film onena.
Pilar Miró (Madril, 1940-1997) Kazetaritza eta Zuzenbidea ikasi zuen, Zinema Eskola Ofizialean ere graduatu zelarik, gero irakasle izateko bertan. Pilar zinema, antzerki eta telebistako zuzendari aintzatetsia izan zen. Nazioarteko sari eta aitorpen asko lortu zituen. 1986 eta 1989 artean Espainiako irrati eta telebista publikoa zuzendu zuen.
«Simone de Beauvoir» saria Nuria Vidal-i ematea
Nuria Vidal, Mexikon jaioa baina Espainian finkatua 12 urte zituenetik, egunkari, aldizkari espezializatu eta astekarietan hasi zen idazten. 1986an lehen aldiz Fotogramas aldizkarian kolaboratu zuen, hor egin duelarik bere ibilbidea azken hiru hamarkadetan etenik gabe. Zinemari buruz 20 liburu baino gehiago egin ditu eta 2011n «La piedra negra» lehen eleberria argitaratu zuen. Telebistako zenbait programatan lan egin du, era aktiboan kolaboratu du nazioarteko zinemaldiekin, eta 2008tik Kritika-eskolak ematen ditu Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya-n (ESCAC). Zineman, beste lan batzuen artean, Mariona Omedes-ekin batera ikus-entzunezko bat zuzendu zuen, «Cantonades de cine», eta 2008an «Y el cine marcha»-ren gidoilaria izan zen. Duela gutxi Zinema Akademiaren Alfonso Sánchez Komunikazio Saria 2016 eman diote.
Mahai-ingurua: «Emakumeak zinema kritikan»
Parte-hartzaileak: Nuria Vidal, Begoña del Teso eta María Castejón (kritikariak).
Urriak 23, igandea — BBK aretoa, 18:00 · Sarrera librea jarlekuak bete arte
XPREST! AUX film laburren jaialdia
Sonita (dokumentala)
Rokhsareh Ghaem Maghami · Iran, 2015 · 91'
Sonita, 18 urteko neska afganiarra, paperik gabe sartu zen Iranen eta Teherango aldirietan bilatzen du bizimodua. Bere espiritu gazte, kementsu eta bizizaleak rap-abeslari bihurtzeko ametsagatik borrokatzera bultzatzen du, familiaren oposizio handia gorabehera. Musikarekiko grinak eta amaren planek talka egiten dute elkarren kontra; izan ere, diruaren truke ezkontzera behartu nahi du amak, eta prezioa ere jarria dio emaztegaiari: 9.000 dolar.
Sariak: 2016, Sundance jaialdia: Dokumentalik onena (World Cinema) eta Publikoaren Saria; Documenta Madrid: Publikoaren Saria; Sundance: Epaimahaiaren Sari Handia eta Ikus-entzuleen Saria.
Rokhsareh Ghaem Maghami Teheranen jaio zen, eta zinema eta animazioa ikasi zituen Teherango Arte Unibertsitatean. Argitaratu dituen ikerlan eta saiakeren artean dago «Dokumental biziduna: espresatzeko era berri bat» liburua, pertsieraz argitaratua 2009an. Bere lanen artean dokumentalak eta film laburrak daude: «Colombófila», «Una soledad Loud», «Nacido 20 minutos tarde», «Subiendo las escaleras» eta dokumental bizidun bat, «Cianosis».
XPREST! AUX film laburren zinemaldiaren V. edizioa. Urriak 21, ostirala, 12:00: oinarriak eta garatu beharreko gaia ematea. Urriak 23, igandea, 16:30-17:00: egindako film laburrak entregatzea. 20:00: aurkeztutako film laburren emanaldia. 21:15: amaierako saioa eta sari-ematea.
Izen ematea, inskripzioa eta oinarriak: www.zinemakumeak.com/xprest. Kontaktua: xprest@zinemakumeak.com
Zinemakumeak gara!-ren hedapenak
Urriak 27, osteguna — Bilbo, BilbaoHistoriko Expogela, 19:30
«Cortos en Femenino» film laburren emanaldia, Tramak hautatuak.
Urriak 29 eta 30 — Gernika, Lizeo Antzokia, 19:00
«Obvious Child» (Gillian Robespierre) eta «Mi amiga del parque» (Ana Katz).