17. edizioa
2012
Aurkezpena
Garai honetan gero eta zailtasun handiagoak baditugu ere, hemen gaude berriro ere, beste udazken batez, emakumeek zuzendutako zinema ona eskaintzeko helburuarekin.
Aurrera jarraitzen dugu, uste osoa baitugu zinema beharrezkoa eta ezinbestekoa dela, bizi garen gizartearen eta kulturaren ispilu delako. Filmek, bai fikziozkoek bai dokumentalek, agerian uzten dute herrialde bateko herritarrek historiako hainbat garaitan duten gogo aldartea eta itxaropena.
Gaur egungo testuingurua kontuan hartuta, zuzendari horiek erakusten dizkiguten errealitateei begiratzeak asko lagunduko digu gure inguruan gertatzen dena hobeto ulertzen.
Askotariko zinema da zuzendarien jatorriari dagokionez, eta askotarikoa, halaber, lantzen diren gaiei dagokienez; denek dute, ordea, izendatzaile komun bat: kalitatea.
Aurten, harrotasun handiz emango diogu Simone de Beauvoir saria bi Goya sari irabazi dituen Maite Ruíz de Austri animazioko zinema zuzendariari. Saria ematearekin batera izaten den mintzaldia Animazioko Zinemari buruzkoa izango da, eta Begoña Vicario, EHUko irakaslea eta Goya baten irabazlea, izango da mintzaldiaren arduraduna.
Emakumeen Film Laburren eta Minutuko Bideoaren emanaldiei eutsiko diegu, gure programazioan sendo errotutako proiektuak baitira.
Generoaren ikuspegia kontuan hartzen jarraitu nahi dugu; eta, era berean, emakumeen lana eta sorkuntza hedatzen eta bultzatzen jarraitu nahi dugu. Emakumezko gidoigileak, zuzendariak, musikagileak... behar dira. Ez da ahaztu behar Jabetza Intelektualaren Erregistroan izena emandakoen %26 baino ez direla emakumeenak.
Aurrekontuen murrizketak guregana ere iritsi dira, eta, zoritxarrez, ezin izango dugu eskaini aurreko urtean hain harrera ona izan zuen bideo lehiaketa.
Azkenik, gure esker ona eman nahi diegu urtez urte leialtasunez laguntzen digutenei.
Egitaraua
Asteazkena, urriak 10 — BBK aretoa, 20:00
Inaugurazio ekitaldia
Mintzaldia: «Euskal emakumezko zuzendariak animazioko zineman»
Hizlaria: Begoña Vicario. Aurkezlea: Carmen Urruela (Simone de Beauvoir taldea).
Begoña Vicario, Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu ondoren, ikus-entzunezkoen espezialitatean, Moskura joan zen bidaian, eta animazioko graduondokoa egin zuen han, Pilot ekoizpen-etxean. Handik bueltan, zinema esperimentaleko espezializazioarekin jarraitu zuen Jon Etxebesterekin, eta harekin egin zuen, hain zuzen ere, lehenengo film laburra zinema-formatuan: «Geroztik ere» (1993). Haren ondotik etorri ziren «Pregunta por mí» (1996), animazioko laburmetraia onenari Goya saria, eta «Zureganako grina» (Pasión por ti, 1996), bere ekoizpen-etxean, eta 2000. urtean zinemako azken lana, «Haragia / Carne Humana». Hainbat sari irabazi ditu lan horiekin. Horrez gainera, hainbat zinema jaialditan aritu da epaimahaikide gisa, eta animazioko zinemari buruzko hainbat liburu eta artikulu zein kolaborazioak idatzi ditu komunikabide idatzietan, telebistan eta irratian. Gaur egun, irakasle dihardu Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean, Artea eta Teknologia, Animazioa eta Denborazko Euskarriak Artean gaietan.
Maite Ruíz de Austriri omenaldia eta «Simone de Beauvoir» sariaren banaketa
Maite Ruiz de Austri (Madril, 1959), idazlea, gidoigilea eta zinemako eta telebistako zuzendaria, animazioko film luzeak zuzentzen dituen emakume bakarra da Espainian. Sei film eta bi telesail zuzendu ditu. Animazioko film onenaren bi Goya irabazi ditu, platinozko domina bat eta urrezko bi domina Houstongo Nazioarteko Zinema Jaialdian, eta urrezko domina bat eta brontzezko beste bat New Yorkeko Nazioarteko TB Jaialdian. Espainiako Zinemako Arteen eta Zientzien Akademiako kidea da, eta CIMAko (Emakumezko Zinemagileen eta Ikus-entzunezkoetakoen Elkartea) kide sustatzailea. APECAk (Ikus-entzunezko Edukien Ekoizpen Etxeen Elkartea), Extremadurako Gobernuak eta Extremadura TB kateak antolatutako Telebistari buruzko I. Nazioarteko Forumaren antolatzailea eta idazkari burua izan zen (2005), eta Extremadurako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziatuen 2006ko promozioko ohorezko amabitxia.
Astelehena, urriak 15 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €
Grand Prix (film laburra, Emakumezkoen film laburrak - Trama)
Ana Solanas eta Marc Riba · Espainia, 2011 · 8' · Animazioa
Zerua oskarbi. Automobilak irteteko gunean. Blas, Ivan eta Héctor bakoitza bere lekuan. Hastera doa! Bat, bi... Hiru!
Circumstance
Maryam Keshavarz · AEB, Iran, Libano, Frantzia, 2011 · 107' · JBAE
Ospea eta abentura dira Atafehren ametsa, eta lagunik onenarekin, Shireenekin, Teherango azpimundua aztertuko du; elkarrekin probatuko dituzte beren gizartearen eta sexualitatearen mugak. Bien bitartean, Mehran, Atafehren anaia, etxera itzuliko da, errehabilitazio programa batean egon ondoren. Azken etapa horretan, uko egingo dio musikariaren bizimoduari, Polizia Moralean sartuko da, eta bere familia ere zelatatuko du, atsedenik gabe.
Maryam Keshavarz New Yorken jaio zen eta Pertsiar Literatura ikasi zuen Shirazeko Unibertsitatean, zinemako zuzendaritzan jardun aurretik. Literaturako eta Emakumezkoen Ikasketako diploma du Northwestern Universityn eta Ekialde Ertaineko Ikasketen lizentziatura Michigango Unibertsitatean. New Yorkeko Unibertsitateko Tisch Eskolako Arte Ederretako master bat amaitu ondoren, azken hamarkadan filmak zuzendu ditu, eta sari ugari irabazi ditu. 2005ean lehenengo dokumental luzea egin ondoren, «The Color of Love», «The Day I Died» film laburrarekin sariak irabazi zituen Mar de Platako, Clermont-Ferrandeko, New Yorkeko eta Berlingo jaialdietan. Fikziozko lehenengo film luzea, «Circumstance», Sundanceko gidoi eta zuzendaritzako laborategirako hautatu zuten, bai eta Tribecako Jaialdirako ere.
Filmografia: 2011 «Circumstance»; 2006 «El día que morí» (film laburra); 2006 «Not for Sale» (film laburra); 2004 «Rangeh eshgh» (film laburra).
Sariak: 2012, Film Independent Spirit: John Cassavetes sarirako izendatua. 2011, Sundance Jaialdia: Ikusleen Saria (Film Onena); Valladolideko Jaialdia - Seminci: film luzeen lehiaketako sail ofiziala; Outfest: Ikusleen Saria.
Asteartea, urriak 16 — BBK aretoa, 10:00
Haurrentzako emanaldia euskaraz, ikastetxeentzat. Animazioko film luzea.
Animal Channel
Maite Ruiz de Austri · Espainia, 2008 · 75'
Cathy zikoinak, Nicolás saguak eta haren familiak beren bizibidearen oinarri den zinema itxi beharra dute. Telebistaren aroa iritsi da, eta ikusle askok nahiago dute etxean gelditu, telebistako saio berriekin liluratuta. Baina gure lagunek, adorea hartu, eta, irudimen askorekin, telebista kate berri bateko erreportari bihurtuko dira, Sagu Aita buru dela.
Filmografia: 2012 «El tesoro del Rey Midas»; 2008 «Animal Channel»; 2001 «La leyenda del Unicornio»; 1999 «Qué vecinos tan animales»; 1995 «El regreso del viento del norte».
Sariak: 2009, Goya sarietarako izendatua, animazioko film onenaren sailean.
Asteartea, urriak 16 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €
Heroínas (film laburra, Emakumezkoen film laburrak - Trama)
Cristina Trenas · Espainia, 2011 · 3' 30''
Egunero beren familiak muturreko baldintzetan aurrera ateratzeko borroka egiten duten emakumeak aurkitzeko bidaia bat.
A Simple Life (Tao Jie) — Film luzea, Cineclub Fas-ekin lankidetzan.
Ann Hui · Hong Kong, 2011 · 118' · JBAE
Benetako gertaeretan oinarritua, filmak Chun Tao Chungen istorioa kontatzen du. Hark Leung familiaren zerbitzari zaharra gisa lan egin du hirurogei urtez. Orain Roger zaintzen du. Rogerrek zinemagintzan lan egiten du, eta bera da Hong Kongen gelditzen den Leung familiako kide bakarra. Lanetik itzultzean, Rogerrek ikusiko du Taok buruko isuria izan duela. Ospitalera eramango du, eta, han, Taok esango dio bere lana utzi eta egoitza batera joan nahi duela. Rogerrek hainbat aukera bilatuko ditu, eta gela bat aurkituko dio adiskide batek zuzendutako zentro batean. Rogerrek gero eta denbora eta arreta gehiago eskainiko dizkio Taoren beharrei eta apetei, eta ohartuko da garrantzi handikoa dela beretzat.
Ann Hui On-Wah (Anshan, Mantxuria, 1947) Hong Kongeko zinemaren azken belaunaldiko zuzendaria da. Ingeles hizkuntzan eta literaturan graduatu zen Hong Kongeko Unibertsitatean 1972an, eta, ondoren, Londresera joan zen, bi urtez London International Film Schoolen aritzeko. 1975ean Hong Kongera itzuli zen, eta TVB katearentzat lanean hasi zen zuzendari gisa, telesailetan eta dokumentaletan. 1979an egin zuen lehenengo filma. Huik esperimentuak egin zituen efektu bereziekin eta angulazioekin, nahiz eta hurrengo filmetan arreta handiagoa jarri zuen gai politikoetan eta gizarte gaietan.
Filmografia: 2012 «Beautiful»; 2011 «A Simple Life»; 2010 «All About Love»; 2009 «Night and Fog»; 2008 «The Way We Are»; 2006 «The Postmodern Life of My Aunt»; 2003 «Jade Goddess of Mercy»; 2002 «July Rhapsody»; 2001 «Visible Secret»; 1999 «Ordinary Heroes»; 1997 «Eighteen Springs»; 1997 «As Time Goes By»; 1995 «The Stunt Woman»; 1993 «Boy and His Hero»; 1991 «Zodiac Killer»; 1990 «The Swordsman»; 1990 «My American Grandson»; 1990 «Song of the Exile»; 1988 «Starry Is the Night»; 1987 «Princess Fragrance»; 1986 «The Romance of Book and Sword»; 1984 «Love in a Fallen City»; 1981 «Boat People»; 1981 «The Story of Woo Viet»; 1980 «The Spooky Bunch»; 1979 «The Secret».
Sariak: 2011, Veneziako Nazioarteko Jaialdia: Signis Saria (ohorezko aipamena), antzezle onenaren Volpi Saria Deanie Ip antzezleari; Taiwango Golden Horse Sariak: zuzendari onenaren saria, antzezle onenaren saria Andy Lauri, eta emakumezko antzezle onenaren saria Deanie Ip antzezleari; Tallin Black Nights jaialdia: film euroasiar onenaren sari nagusia, emakumezko antzezle onenaren saria Deanie Ip antzezleari, FICC saria; Asiar Zinemaren Sariak: gizonezko antzezle onena Andy Lauri, eta emakumezko antzezle onena Deanie Ipi; Okinawako nazioarteko zinema jaialdia: epaimahaiaren sari berezia; Hong Kongeko zinema jaialdia: film onenaren saria, zuzendari onenaren saria, gidoi onenaren saria, gizonezko antzezle onenaren saria, emakumezko antzezle onenaren saria; Parisko nazioarteko zinema jaialdia: ikusleen film onenaren saria; Sundance Jaialdia: ikusleen saria (film onena).
Asteazkena, urriak 17 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €
Cosquillitas (film laburra, Emakumezkoen film laburrak - Trama)
Marta Onzain eta Alberto Peña-Marín · Espainia, 2011 · 5'
Guraso batzuek alabari esan diote anaiatxo bat edukiko duela. Baina neskaren erantzuna erabateko sorpresa izango da gurasoentzat.
El premio
Paula Markovitch · Mexiko, Frantzia, Polonia, Alemania, 2011 · 115' · JB
Kontakizun autobiografikoa da, Ceciren bitartez Argentinako diktadura militarra aztertzen duena. Ceci-k badaki inori esan behar ez diola benetan nor den, bere familiaren bizitza babesteko; gezurrak esaten ikasiko du, eta ulertzen saiatuko da nola «izan» nahasketaz eta beldurrez beteriko mundu batean.
Paula Markovitch Argentinan jaio zen (1968), baina Mexikon bizi eta bertan lan egiten du. CCCn (Mexiko) gidoigintzako eskolak eman ditu, eta Toscano-Sundance Lab Fundazioan aholkulari gisa lan egin du. Hainbat filmetarako gidoiak idatzi ditu, eta laguntzaile izan da, besteak beste, «Temporada de patos» eta «Lake Tahoe» lanetan, Fernando Eimbcke zuzendariarenak biak. «El premio» da bere lehenengo film luzea.
Filmografia: 2011 «El premio».
Sariak: 2012, Punta del Esteko (Uruguai) Nazioarteko Zinema Jaialdia: Film Onena; La Habanako Latinoamerikar Zinema Berriaren Nazioarteko Jaialdia: Opera Prima saileko aipamena; Mar de Plata (Argentina) Nazioarteko Zinema Jaialdia: SIGNIS Saria. 2011, Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdia: Zilarrezko Hartza laguntza artistiko onenari; Moreliako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdia: Mexikar film luze onena; Nurembergeko Giza Eskubideen Jaialdia: Film Onenaren Saria; Miarritzeko Latinoamerikar Zinemako Nazioarteko Jaialdia: Kritikaren saria eta emakumezko antzezle onenaren saria Paula Galinelliri; Worclawko (Polonia) Nazioarteko Jaialdia: Ikusleen New Horizons Saria; Armeniako Nazioarteko Jaialdia: Armeniako Zinema Akademiaren Begirada Bakarra Saria film onenari, eta Golden Apricot epaimahaiaren sari berezia; Limako Zinema Jaialdia: Epaimahaiaren saria film onenari; Jerusalemgo Zinema Jaialdia: Nathan Cummingsdel Fundazioaren film onenaren saria; Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdia: Film onena mexikar sailean, emakumezko antzezle onena (Paula Galinelli Hertzog), prentsak emandako Guerrero Saria, Mezcal Saria, Cinecolor Saria.
Osteguna, urriak 18 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €
Ahora no puedo (film laburra, Emakumezkoen film laburrak - Trama)
Roser Aguilar · Espainia, 2011 · 12' 30''
Sara antzezle gazte bat da; ama izan ondoren bere lanbidea berreskuratu nahi du, eta casting batean finalista izatera iristen da, dena du jokoan...
Imani
Caroline Kamya · Suedia, Uganda, 2010 · 87' · JBAE
Istorioa Kampalan gertatzen da (Ugandako hiriburua, Guluko probintzia), egun arrunt batean. Baina hiru pertsonentzat ez da egun arrunta izango. Maryk goi mailako gizarteko emakume baten etxean lan egiten du, eta dirua behar du, polizia erosteko eta ahizpa askatzeko adina. Olweny 12 urteko soldadu ohia da; errehabilitazio zentroa utzi eta gurasoengana itzuliko da, gerrak hondatuta. Armstrong breakdance dantzariak ikuskizun bat prestatu behar du gau horretarako bertarako.
Caroline Kamya Ugandan jaio zen, 1974an. Arkitekturan eta Dokumentalen Errealizazioan lizentziaduna da. Ikasle zela, hainbat ekoizpenetan lan egin zuen. 1999an bere ekoizpen-etxea sortu zuen, VAD, eta haren bitartez telebistako saioak egin zituen. 2006an Masiha Film Lab programan parte hartu zuen, eta lehenengo hiru film laburrak egin zituen. 2007an Berlinale Talent Campusen parte hartu zuen.
Filmografia: 2009 «Imani»; 2008 «African Knowledge Transformation» (film laburra); 2005 «Life Choices. Donna's Deep Monologues» (film laburra); 2005-06 «The AfriCANs - SupaStar» (film laburra); 2004 «Dancing Wizard» (film laburra); 2004 «Real Saharawi» (film laburra); 2000 «Women Wake Up» (film laburra).
Sariak: 2011, Festival Vues d'Afrique, Kanada: film onenaren saria. 2010, Kairoko Nazioarteko Zinema Jaialdia: Zilarrezko saria; AfryKamera afrikar zinema jaialdia, Polonia: kritikaren saria film onenari; Durbango Nazioarteko Zinema Jaialdia: epaimahaiaren sari berezia; Zanzibarreko Nazioarteko Zinema Jaialdia: Film Onena; Tarifako Nazioarteko Zinema Jaialdia: zuzendari onenaren saria, eta emakumezko antzezle onenaren saria Rehema Nanfukari; Afrikar zinema akademiaren sariak: film onenaren saria, eta emakumezko antzezle onenaren saria Rehema Nanfukarentzat.
Ostirala, urriak 19 — BBK aretoa, 20:00 · 3 €
Sólo sé que no sé nada (film laburra, Emakumezkoen film laburrak - Trama)
Olatz Arroyo · Espainia, 2011 · 14'
Sofia etxekoandrea da. Bere bizitza erabat aldatuko da seme nerabearen filosofiako liburua aurkitzean.
Wendy and Lucy
Kelly Reichardt · Estatu Batuak, 2008 · 80' · JBAE
Wendy Alaskara abiatu da, lan berri eta irabazi handiko batean hasteko, arrainen kontserba lantegi batean. Lucy txakurra du lagun bakarra. Oregon estatua gurutzatu ondoren, 80ko hamarkadako Honda Accord xumeak ez du aurrera jarraitu nahi. Gertaera itxuraz hutsal horrekin hasiko da Wendyren kalbarioa. Honda tailerrean duela, supermerkatuan sartu eta txakurrentzako lata bat lapurtuko du; baina harrapatu, eta polizia-etxera eramango dute. Aske uzten dutenerako, Lucy desagertu egin da. Wendyk bere txakurra berreskuratu, eta bere automobila konpondu beharko du; bien bitartean, bere zorroa eta autoestimua tantaz tanta odolustuko dira. Epikarik gabeko heroi bat amildegira hurbiltzen ari da...
Kelly Reichardt zinema independenteko amerikar gidoigile eta zuzendari ospetsua da. 1994an egin zuen debuta «River of Grass» lanarekin, eta hiru izendapen lortu zituen Independent Spirit Awards sarietarako, bai eta Sundance jaialdian Epaimahaiaren Sari Nagusia ere. 2006an jardun zuen lehenengo aldiz Jon Raymond eleberrigile eta gidoigilearekin: «Old Joy». Filmak Los Angelesko Zinema Kritikarien Elkartearen film onenaren saria irabazi zuen, Rotterdameko zinema jaialdian eta Saratosako zinema jaialdian. 2008an, Jon Raymondekin lankidetzan berriro ere, «Wendy y Lucy» idatzi eta zuzendu zuen, film onenaren Independent Spirit Award saria lortu zuen, eta Cahiers du Cinéma aldizkari frantsesaren arabera, hamarkadako 10 film onenetako bat izan zen.
Filmografia: 2010 «Meek's Cutoff»; 2008 «Wendy y Lucy»; 2006 «Old Joy»; 2004 «Travis»; 2001 «Then a Year»; 1999 «Ode»; 1994 «River of Grass».
Sariak: 2008, Torontoko Jaialdia: Film onena, emakumezko antzezlerik onena - Michelle Williams; AFI Film Award: AFI Urteko Film Onena; Online Film Critics Society Awards: emakumezko antzezlerik onena - Michelle Williams.
Larunbata, urriak 20 — BBK aretoa, 17:00 · Larunbateko arratsaldeko saio guztietarako, 4 €
Emakumezkoen film laburren emanaldia
«Camping» · Pilar Gutiérrez Aguado · Espainia, 2011 · 23' 10''
Bi seme-alaba dituen familia batek udako oporrak otsailera aurreratu behar ditu, etxea eta lana galdu baititu.
«Dicen» · Alauda Ruíz de Azua · Espainia, 2011 · 19' 30''
Jokoa ez da jolastoki batean gertatzen den gauza bakarra.
«Lone Illness» · Virginia Llera · Espainia, 2011 · 11'
Bakardadea galdera asko eta erantzun gutxi dituen egoera bat da, sentimendu bat.
«Hombre máquina» · Roser Corella eta Alfonso Moral · Espainia, 2011 · 15'
Modernotasunari eta garapen globalari buruzko gogoeta. Gizakia makina gisa. Gizakiaren indar fisikoa lanak egiteko erabiltzea XXI. mendea bete-betean dela.
«Padres» · Liz Lobato · Espainia, 2011 · 8'
Bikote bat haur bat adoptatzeko puntuan dago. Baina, paperak izenpetu behar dituztenean, lehenbizi emakumezkoaren zalantzei aurre egin behar diete, eta, gero, zenbait gertaerek egoera aldatuko dute bat-batean...
Minutuko Bideoa — «Iraultza»
Tramak (Emakumeek Egindako Erakusketen, Zinema Jaialdien, Bideoen eta Multimedien Koordinatzailea) egindako saila. Gune propio bat, taldeko film bat, minutu bateko filmazio bideografikoez osatua, sekuentziak plano bakarrean eginak eta gai bakar baten arabera osatuak. «Zinema Ikustezinaren Jaialdiko» Genero Berdintasun Saria irabazi duen film laburraren proiekzioa.
Larunbata, urriak 20 — BBK aretoa, 20:00 · Ikusterik izan zenuen?
Declaración de guerra
Valérie Donzelli · Frantzia, 2010 · 100' · JBAE
Benetako gertaeretan oinarritua, maitasunezko istorio itxaropentsu bat kontatzen du, Romeo eta Juliette bikote gazteak beren seme Adanen gaixotasuna gainditzeko egiten duten borrokaren bitartez. Bi maitemindu axolagabe, gerrarako prestatu gabeak, harritu egingo dira borrokarako duten gaitasunarekin, eta heroi bihurtzen direlako, beraien gogoaren kontra bada ere.
Valérie Donzelli Epinalen jaio zen, 1973an. Zinemaren industrian hasi aurretik, arkitektura ikasi zuen, baina ikasketak utzi, eta antzezle lanetan hasi zen. Arte dramatikoa ikasi zuen Parisko Udal Kontserbatorioan. 1988an egin zuen debuta zinemako antzezle gisa; berrogei lanetan baino gehiagotan aritu izan da zineman, eta kritikaren onespena lortu du, baita Prix Michel Simon Saria ere. Lehenengo film laburra, «Il fait beau dans la plus belle ville du monde», 2008an egin zuen. 2010ean zuzendu zuen lehenengo film luzea, «La reine des pommes», eta paper nagusia izan zuen bertan. 2011ko maiatzean bigarren film luzea zuzendu zuen, «Declaración de guerra», Jérémie Elkaïmekin batera idatzia, eta beraien bizitzetan oinarritua. Filma oso ondo hartu zuten prentsan eta ikusleen artean, eta Frantziaren ordezkari izan zen Oscar Sarietan, Atzerriko Film Onena sailerako.
Filmografia: 2012 «Main dans la main»; 2011 «Declaración de guerra»; 2010 «Madeleine et le facteur» (film laburra); 2009 «La reine des pommes»; 2008 «Il fait beau dans la plus belle ville du monde» (film laburra).
Sariak: 2011, Gijóngo Nazioarteko Zinema Jaialdia: Film onenaren saria eta emakumezko antzezle onenaren saria; Parisko Nazioarteko Zinema Jaialdia: Publikoaren eta epaimahaiaren saria; Cabourgeko zinema jaialdia: Sari nagusia; Festival du Film Francophone d'Angoulême: Urrezko Valois.
Larunbata, urriak 20 — BBK aretoa, 22:00 · Ikusterik izan zenuen?
De tu ventana a la mía
Paula Ortíz · Espainia, 2011 · 107'
«De tu ventana a la mía» filmak hiru emakumeren bizipenak kontatzen ditu; beraien maitasun, ahultasun eta sendotasun istorioak lotzen dituen hariekin ehunduko dira hiru emakume horien patuak. Emakumezkoen esperientziaren erretratua, belaunaldiz belaunaldi. Dei bat edertasunari, itxaropen gabeziaren aurka.
Paula Ortiz (Zaragoza, 1979) Zinema Gidoien Idazketa Teoriako doktorea da, eta Zinema Zuzendaritzako ikasketak New Yorkeko (NYU) eta UCLAko (Los Angeles) unibertsitateetan osatu zituen. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, gidoiaren esparruan hasi zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (2003), Zinemarako eta Telebistarako Idazketa Masterraren bitartez. Horrez gainera, Bigas Lunaren tailerrean parte hartu zuen, eta telebistaren esparruan, gidoigile gisa lan egin zuen 2003 eta 2004 urteetan «Hoobs Entziklopedia» hezkuntza telesailean. Paulak ikus-entzunezko ikasketak eta lana uztartu zituen karrera akademiko sendo batekin. Hainbat urtez, Zaragozako Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle izan da, eta bertako doktorea da 2011. urteaz geroztik. Bi liburu eta hainbat ikerketa-artikulu idatzi ditu aldizkari espezializatuetan, narratibaren munduarekin eta zinemako gidoiekin lotuta. Gaur egun, Zaragozako San Jorge Unibertsitateko irakaslea da.
Filmografia: 2011 «De tu ventana a la mía»; 2008 «El hueco de Tristán Boj» (film laburra); 2005 «Fotos de familia» (film laburra); 2003 «El rostro de Ido» (film laburra).
Sariak: 2011, Seminci: Pilar Miró saria zuzendari berriari, Fipresci Aipamen Berezia.
Trama
Ongi etorri Tramara, emakumeek egindako zine, bideo eta multimediako erakusketen jaialdien koordinatzailea. Hona hemen garatzen ari garen proiektuak:
Film laburrak, emakumeen eskutik: Estatu espainiarrean emakumeek egindako film laburren urteko deialdia da. Era berean, interneteko blog berria aurkezten du. Deialdiaren oinarriak eskuratzeko: www.cortosenfemenino.net
Minutuko Bideoa: espazio propioa, gonbidapena emakume guztiei minutu bateko bideoa graba dezaten, etenik gabe, gai bakar baten inguruan; gaia urtero aldatzen da. Proiektu hau ere blogean dago aurkeztuta. Oinarriak eskuratzeko: www.elvideodelminuto.net
Tramatik, gonbit egiten dizuegu sarean irekitako bi espazio hauetan parte hartzeko, zuen ohar, iradokizun eta ekimenak adieraziz; izan ere, horrela, emakumeek ikus-entzunezkoen eremuan egiten duten lana eta proiektua aberastuko dira.