Nortzuk garen?
80ko hamarkadaren erdialdera sortu zen Simone de Beauvoir Elkarte Feminista. Hasiera batean, mugimendu feministarentzat interesgarriak ziren gaiak eztabaidatzeko eta lantzeko taldea izan zen.
1984an, Leioako II. Jardunaldi Feministak zirela eta, "Del amor y otras quimeras" izeneko txostena aurkeztu zuen elkarteak. Txosten hori izango da, hain zuzen ere, zinemarekiko gure harremanaren sorrera, 1987an hasi baitzen elkartea "Del amor y otras quimeras" txostenean aipatzen zen gaiaren inguruko zenbait alderdi jorratzen zituen zinema-zikloak antolatzen.
1996an, zinema-kritika feministak azkenaldi honetan lortu duen garrantzia kontuan hartuz, Emakumeek egindako Zinearen Erakusketa antolatzen hasi ginen.
1.1. Zer egiten dugu?
Emakumeek egindako Zinearen Erakusketarekin emakumeek zinemari egin dioten ekarpena gehitu nahi diegu hiri honetako kultura-jarduerei, eta, zenbait arrazoi direla eta, zirkuitu komertzialetan lekurik ez dutenei, nahiz eta kalitate oneko filmak izan.
Urte hauetan guztietan, bestalde, Bilboko jendearekin dugun hitzordua urtez urte berritzera eraman gaitu gure konpromiso feministak, diskurtso hegemoniko maskulinoa hausten duten adierazpen zinematografiko berriak eraikitzen lagunduz , ikus-entzunezko hizkuntzaren esanahiak berregituratuz eta zabalduz, eta begirada femeninoa erantsiz.
1.2. Helburuak
Horrekin guztiarekin, emakumeek egindako kalitate handiko filmen zabalkunderako plataforma bihurtu nahi dugu, bestela pelikula horiek sekula ez bailirateke ikusiko Bilbon. Horrela, bi helburu lortzen ditugu:
- Pelikulak erakusterakoan dagoen aukera-desberdintasuna konpentsatzea.
- Emakumeak zine-zuzendari izatera animatzea eta lan horretan ari direnen lana bultzatzea.
Eta hori guztia askotariko ikuspegiak erabiliz, gaiei dagokienez zein estetikari dagokionez.
Saio horretan, bestalde, laburmetraien aldeko apustua egin dugu, gure ustez arlo hori baita esperimentatzeko eta belaunaldi berrietako emakumeak trebatzeko laborategi aukerakoa. Hala, ikusleek kalitate eta freskotasun handiko lehenengo lanak ikusi ahal izan dituzte.
1.3. Gure erronka
Urte hauetan guztietan, halako desafio moduko bat jarri diogu geure buruari: izen okerrez «emakumeen zinema» eta «emakumeentzako zinema» esaten zaionetik haratago eramatea zinema mota hori.
Kristalezko sabai ideologikoa haustea izan da gure apustua, eta, era berean, zine onaren zalea dena, udazkenero, gurekin duen hitzordura hurbiltzea.
1.4. Babesleak eta laguntzaileak
Une honetan Bilboko Udalarekin batera antolatzen dugu zinemaldia (Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarren Saila). Erakusketak, bestalde, BBKren babes ekonomikoa du.
Ohiko laguntzaileak: Trama (Emakumeek Egindako Zine, Bideo eta Multimediako Erakustaldien Koordinadora), Circuito Coliseo, El Correo, Mugarik Gabe, Zinegoak.

