The Love Witch

Urriak 20 ostirala | Sala BBK | 20:00 | Trailer

The Love Witch

Fitxa teknikoa

AEB. 2016. 120 m. Zuzendaritza: Anna Biller. Gidoia: Anna Biller.

Fitxa artistikoa

Samantha Robinson, Gian Keys, Laura Waddell, Jeffrey Vincent Parise, Jennifer Ingrum, Lily Holleman, Dani Lennon, Stephen Wozniak, Bernard Bullen, Clive Ashborn, April Showers, Elle Evans, Robert Michael Anderson, Jacob Peacock, Giselle DaMier, Ron Kari.

Sinopsia

Sorgin gazte batek bere edabe eta aztikeriak erabiltzen ditu gizonak beraz maitemindu daitezen.

Anna Biller

Anna BillerBere opera prima den VIVA nahiz 16 mm-tan filmatu dituen lan laburrak mundu osoko hainbat jaialdi garrantzitsu eta gune artistikotan eman dira. Ezaguna egin da genero klasikoak kulturaren barruan emakumezkoen rolei buruz jarduteko erabiltzeagatik eta ideia feministak estetika zinematikoaren eta plazer bisualaren baitan kodetzeagatik, bai eta sorkuntza prozesu osoa zorrotz kontrolatzeagatik ere; izan ere, bere lanetan jantzien diseinuan, atrezzoan, eszenaratzean, score-an eta soinu bandetan esku hartzen du. Artean lizentziaduna UCLAn eta Kaliforniako Arteen Institutuan Artea eta Zinema graduondoa egina, zine klasikoaren look-a eta sentsazioak antzeratzea du xede, eta horren erakusgarri da The Love Witch, oso-osorik prozesu tradizionalari jarraituz ondu dena.

«Nire lanetan zinema purua eta benetako esperientziak uztartzen saiatzen naiz. Benetako esperientziez hitz egiten dudanean, nire eguneroko bizitza egintza formal batean islatzeaz ari naiz. Nire kezka espezifikoak emakumearen eguneroko bizipenekin lotutakoak dira. Duela zenbait urte, nire zinemagile ibilbidearen hastapenetan, emakumearentzako plazer bisuala sortzean oinarritutako zinema egiten ahalegindu nintzen. Zinema puruarekiko interesa dela medio, enkoadraketan sartzen den guztia kontrolatzen saiatzen naiz. Beraz, nire lanean oso ezohikoa den zerbait egiten ahalegintzen naiz: muinean artistikoak diren filmak sortzea, baina film herrikoi gisa mozorrotuz. Horrenbestez, generoak aipatzen ditudanean ez ditut pastiche moduan erabiltzen, ez bada lilura estetikozko sentipen bat sortzeko, zeinaren bidez emakumezkoaren ikuspegia islatzen baita».